Euskaltel-Euskadi, Vueltako onena. Egoi, Verdugo, Azanza eta Urtasun hunkituta

Guaixe 2013ko irailaren 16a

Aurtengo Espainiako Vueltan emozioa pil-pilean izan da azken unera arte: Chris Horner edo Vincenzo Nibali, nork irabaziko ote zuen Narancok eta L´Anglirúk erabaki zuten. Azkenean, RadioSchackeko txirrindulari beteranoak 37 segundoko aldea atera zion Astanako italiarrari, azken unera arte erasoan aritu zen aurtengo Giroko txapeldunari. Alejandro Valverdek osatu zuen podiuma, 1:36ra. Valverde zen Vuelta irabazteko faboritoetako bat eta azkenean 3. Postuarekin konformatu behar izan du. Alde horretatik kontentu daude Movistar Team taldean, denboraldi bikaina borobildu baitute. Hiriberriko Imanol Erbiti taldekidea 102.a sailkatu da, 3:27:15era. Euskaltel-Euskadi taldeak ere sari bikaina ekarri du: talde onenaren saria. Samuel Sanchez 8.a sailkatu da, 9:51ra, eta bera buru zela, txirrindulari guztiak igo ziren Castellanako podiumera, emozioz beteta. Izan ere bajarik gabe bukatu duen talde bakarra izan da talde euskalduna, lehiakorrena. Han zeuden talde laranjako lau sakandarrak: Egoi Martinez (30.a, 1:12:18ra), Gorka Verdugo (63.a, 2:20:01era), Jorge Azanza (90.a, 3:03:39ra) eta Pablo Urtasun (122.a, 4:08:50era). Itzuli bikaina egin dute guztiek baina Egoi Martinezek bereziki, ihesaldietan egoteaz gain postu onak lortu baititu, tartean Peña Cabargan 5.a izan baitzen. "20 urte hauetan ez dugu talde onenaren saria inoiz jaso, orain arte, eta hau despedida onena da" zioen Igor Gonzalez de Galdeano managerrak. "Proiektu honek beste berri bati eman behar dio lekua. Espero dut proiektu berrikoek talde honetan zer dagoen ikusteko kapazak izatea: talde honek 20 urte hauetan jakin izan du zer egin eta helburu handiak lortu ditu. Euskadi batzea eta munduan ezagutaraztea lortu dugu. Talde honek bihotza eta lider gaitasuna du" gaineratu zuen managerrak, hunkituta. Etorkizuna aireanIzan ere, marka da Vueltako talde onenak babeslerik ez eta 20 urteren ondoren Euskadi izenearekin desagertu behar izatea. Jakina denez, 1 formulako pilotu Fernando Alonsok erosi du Euskaltelen lizentzia, eta oraindik ez da zehaztu talde berriak zein izen izango duen eta nola aldatuko den bere jarduna. Printzipioz kontratua indarrean dutenek talde berrian jarraituko dute - hori da Egoi Martinezen eta Gorka Verdugoren kasua - eta gainontzekoekin hitz egitekoak dira. Jorge Azanza eta Pablo Urtasun daude ziurgabekotasun egoera horretan. Hurrengo asteetan jakingo da lau sakandarrek jarraitzeko aukera izango duten eta zein izango den Samuel Sanchez buru izango duen talde berriaren izena, itxura eta egitekoa.