Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkartearen eta Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin Sakanako VIII. Nesken Pala Txapelketa antolatu du. 4 mailatan jokatuko da: gaztetxoak, gazteak, helduen 1. maila eta helduen elite maila. Txapelketa urrian hasiko da. Partidak ostiral eta larunbat arratsaldetan eta igande goizetan jokatuko dira, Etxarri Aranazko pilotalekuan. Sari politak izango direla adierazi dute antolakuntzatik. Sakanan, Etxarri Aranatz aldean bereziki eta Gure Pilota Elkarteak emakumeen pala sustatzeko egiten duen ahaleginaren fruituaren ondorioz, makina bat emakume aritzen dira palan eta guztiak aipatu txapelketan aritzera animatu dituzte. Izena ematea zabalik dago urriaren 3ra arte, kirol zerbitzura hots eginez (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Elite eta lehen mailakoek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek doan dute izena ematea.