Sakanako 20. Txirrindula Egunean parte hartzeko deia

Guaixe 2013ko irailaren 18a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Kluben laguntzarekin, eta hainbat babeslerekin - Irurtzun eta Altsasuko Udala, Nafarroako Gobernua eta Nestlé - Sakanako Txirrindula Eguna antolatu dute hurrengo astebururako, irailaren 29rako. 20. edizioa beteko du proba ez lehiakorra denak, eta "Sakana bizikletaz ezagutzen" leloa izango du. Astelehenean egin zuten probaren aurkezpena Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Burunda Txirrindularitza Klubeko ordezkari Alberto Ocañak. "Helburua, beti bezala, eskualdean txirrindularitza bulkatzea da, goiz polita pasatzea lehiaketa asmorik gabeko ibilaldian" adierazi zuen Gerrikagoitiak. Teknikariak gehitu zuenez "gure herriak, kaleak, zubiak, ermitak, landaretza, basoak... ezagutu nahi ditugu bizikletaz. Eta bide batez, Sakanako herri ezberdinetako eta adin ezberdinetako jendearen arteko harremanak bulkatu". Orain arte urrian egiten zen aipatu ekitaldia baina irailera aurreratu dute "eguraldia gehiago ziurtatzeko eta urriaren 26an jokatuko den Sakanako herri lasterketarekin ez bat egiteko". Iaz 250 pertsona aritu ziren eta eguraldiak laguntzen badu, 400 txirrindulari biltzea gustatuko litzaieke. Irurtzundik 9:00etan aterako dira, 11:00ak aldera geldialdia eginen da Lakuntzan eta gero Altsasura helduko dira, 2. mailako errepideak, xendak eta bideak erabiliz eta herrietara sartuz. Irailak 23, izena emateko azken egunaParte hartzea librea da eta doan, baina antolakuntzak autobus zerbitzua jartzen du txirrindulariak euren herrietan jaso eta Irurtzunera eramateko - goizeko 7:45ean aterako da Ziorditik - , eta proba bukatuta, atzera ere txirrindulariak etxera eramateko. Bizikletak emateko kamioia egoten da ere. "Zerbitzu hauek erabiltzeko aurretik izena eman behar da. Irailaren 23a da azken eguna. Herri guztietan izena emateko tokiak jarri ditugu, baina, bestela, Mank-eko kirol zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866). Bizikleta puntuan jartzeko deiaTxirrindula Egunean parte hartu baino lehen txirrindula puntuan jartzea aholkatu dute Gerrikagoitiak eta Ocañak. "Egunean mekanikaria egoten da baina egunean bertan gertatutako zulaketa edo matxurak konpontzeko, ez bizikletak puntuan jartzeko" nabarmendu dute. Halaber, parte hartzaile guztiek kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dute. Antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitzeko deia egiten zaie txirrindulari guztiei, "segurtasuna bermatzeko".