Anda eta Salazarren obra bana Nafarroako Museoan

Guaixe 2013ko irailaren 17a

XXI.a 3D izeneko erakusketa mustu zuen aurreko ostegunean Nafarroako Museoak. Erakusketaren ardatza artelanaren eta dagoen espazioaren arteko erlazioa da. Bolumenak eta espazioak ikuslearengan sortzen duen elkarrekintza. Erakusketan dozena bat artistaren 15 lan daude ikusgai. Guztiak ere museoaren berarenak dira. 2000. urtetik aurrera egindako lanak dira guztiak. Horien artean daude Jose Ramon Andaren Zeharki II (brontzea, 2.000) eskultura. Barakaldon 2002an jarri zuen eskulturaren eskala txikiko erreprodukzioa da ikusgai dagoena. Dora Salazarren Artilugio II (el hábito no hace al monje) eta Artilugio III (tener alas no implica necesariamente poder volar) (sare metalikoa, alanbrea, eskaiola eta larrua, 2002) eskulturak. Aurrenekoan egileak 90.ko hamarkadan landu zuen sirenen gaiari heldu zion berriro. Bigarrenean, Salazarrek borondatearen eta nahiaren arteko borroka islatu zuen. Erakusketa dohain ikusi daiteke, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Igande eta jai-egunetan 11:00etatik 14:00etara. Gainera, erakusketa dagoen bitartean, igandeetan 12:30ean, bisita gidatuak izanen dira. Haurrendako tailerrak ere eginen dira.  Bestalde, astearteetan, erakusketan dauden artisten hitzaldiak, mahai inguruak eta topaketak antolatu dituzte.