Bilduk Sakanako eskubideak defendatzen eta ongizatearen alde lanean segituko du

Guaixe 2013ko irailaren 19a

Traba guztien gainetik ilusioz aurrera, mezu hori zabaldu nahi izan du Sakanako Bilduk udako errepasoa egiterakoan eta ikasturte berrirako aurreikusten dituzten zereginak azaltzerakoan. Jose Ramon Garin (Lakuntzako alkatea), Joxi Bakaikua (Etxarrikoa), Garazi Urrestarazu (Altsasukoa) eta Gurutze Rodriguez (Olatzagutiakoa) izan ziren atzoko agerraldian.Aurreratu zutenez, ikasturte berrian "beste inposaketa bati ere modu egokian erantzutera behartuta egonen gara. Alkatetzak kentzeko mehatxupean, indarrez, Espainiako bandera jartzera behartuko gaituztelako herritarren borondatearen aurka". Azaldu zutenez, ez dute dudarik "sakandarrok maila emanen dugula eta jartzera behartutakoa kentzerako bideari ekinen diogula herritarron presioari esker indarrak bilduz".Koalizioko alkateek ziurtatu zuten Sakanan badela planik. "Errazago litzake, noski, Gobernuak plan hori garatzeko medio tekniko eta diru-laguntzak emanen balitu". Hala ere, "bertako bidearekin jarraituko dugu eskura ditugun tresnak erabiliz". Horien artean aipatu zuten hainbat eragile egiten ari diren Sakanako Plan Estrategikoa. "Hurrengo urteetan Sakanaren garapena nondik nora joan beharko duen ipar orratza izanen da". Ibarreko arlo guztietako eragileek "Sakanatik Sakanarako lan ildoak garatuz, ibarra ekonomikoki eta sozialki suspertu eta suspertze hori modu jasangarri (giza, ekonomiko, ekologiko), duin, orekatu eta bertakoon ongizatearen berme izan dadin".    Zorionak "Bildu-n harro gaude benetan, Sakanako herriak erakutsitako maila eta inplikazioagatik". Horixe esan zuten udako errepasoa egiterakoan eta hainbat arrazoirengatik zoriondu zituzten sakandarrak. Lehenik hondakinak biltzeko sistema berriaren bidez birziklatze tasa %25etik %76,3ra pasa delako denen esfortzuarekin eta sistema berriaren ezarpenean parte hartze maila handia izan zelako. Langile mugimendua ere zoriondu zuen Bilduk, herritarren babesarekin, borrokarako grina eta duintasuna erakutsi dutelako. Lazaro Echeverriako langileak "enplegu duinaren alde" egindako greba eta Inasako kasuan, argi azalduz borrokak aukerak zabaltzen dituela. Ospa eguna dela eta "indar armatuen okupazioaren aurrean herritarrak modu duin eta festa giroan, oso sentituak diren eskaerak kaleratzegatik" ere zoriondu zituzten altsasuarrak. Zorionak baita "Alba anderearen agindupean gure herrietako festak zapuzten saiatu diren debekuen aurrean, erakutsitako irudimena eta lasaitasunagatik".Sorturen deialdia Gobernu Ordezkaritza eta Guardia Zibila Nafarroan soberan daudela salatzeko kontzentrazioa deitu du Sortuk, larunbatean, 12:00etan, Ordezkaritzaren Iruñeko egoitza aurrean.