Osasunbideak hizkuntza konpromisoak betetzeko eskatu du UEMAk

Guaixe 2013ko irailaren 19a

Duela bederatzi hilabete bildu ziren eta bitartean osasun zerbitzuan euskararen erabilera sustatzeko neurririk ez dela hartu salatu du mankomunitateakEuskararen Legean jasoa dagoenez, udalerri euskaldunetan "herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute". Udalerri Euskaldunetako Mankomunitateak (UEMA) nabarmendu du udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuek hutsune larriak dituzte euskarari dagokionean.Horregatik, joan den urteko abenduaren 17an UEMAko eta Osasunbideako ordezkariak bildu ziren. Mankomunitateak eremu euskalduneko osasun zerbitzuetako lanpostuei ezarritako hizkuntza perfilek herritarrak euskaraz artatzerik bermatzen adierazi zion eta neurriak hartzeko eskatu. Osasunbideako arduradunek gaia lantzeko eta ilbeltzean beste bilera bat deitzeko konpromisoa hartu zuten.UEMAk bilera deirik ez du jaso oraindik eta "egindako azterketaren emaitzek erakutsi dute osasun zerbitzuan euskararen erabilera sustatzeko neurririk ez dela hartu". Mankomunitatearen iritziz "Osasunbideak, eskaintzen duen zerbitzuarekin herritarren hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoa kaltetzen du". Horregatik, bilera berria eskatu dio UEMAk Osasunbideari. Eskakizun zehatzak Osasunbideari egindako eskaerak honakoak dira: Emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuei euskarazko perfila jartzea (plantila organikoan); osasun zentroetan euskarazko perfila ez duten lanpostuei euskarazko perfila jartzen hastea (pediatrei, medikuei eta jendaurrean lan egiten dutenei lehentasuna ematea); V1 perfilak ez duenez euskaraz zerbitzua emateko eskasegia denez, V3ra igotzea; euskarazko plazen ordezkoetan euskaldunak egonen direla bermatzea. UEMAk ere gainerako arloetan urratsak ematen hastea (hizkuntza-paisaia, informazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SM -mezuak, baja-agiriak...); Larrialdietako zerbitzuetako langileen hizkuntz perfilak zehaztea. Gainera, UEMA eta Osasunbidearen artean hartu-eman eta elkarlan iraunkorra izatea eskatu zitzaien, euskalduntze prozesua garatu ahal izateko.