Euskaltel: kulebroia?

Guaixe 2013ko irailaren 24a

Euskaltel-Euskadi taldearen gorabeherak udako kulebroia bilakatzen ari dira txirrindularitzan. Kulebroi tristea, ezbairik gabe. Talde laranjak abuztuaren 20an azaldu zuen 2014an ezingo zuela jarraitu, bigarren babesle bat lortzeko lanek ez baitzuten fruiturik eman. Izan ere, instituzioetatik azaldu zieten ezingo zutela taldea gehiago babestu, eta Euskaltel telefonia enpresak nabarmendu zuen ezin zuela bere gain taldearen aurrekontu osoa hartu, 7 milioi euroko ekarpen minimoa eskatzen zuen proiektua, hain zuzen. Taldearen desagerpenarekin jota geundenean, 1 Formulako pilotu Fernando Alonsoren inguruko berriak iritsi ziren. Horrela, irailaren 2an Fernando Alonsok eta Euskaltel-Euskadiren jabe Basque Cycling Pro Team taldeak konfirmatu zuten aurre akordio bat lortu zutela. Pilotuak Euskaltel-Euskadi taldearen lizentzia erosi zuela adierazi zuten. Nonbait, talde laranjaren egiturari eustea zen proiektu berriaren asmoa, eta Samuel Sanchez txirrindularia zen proiektu berriaren oinarria, Alonsoren lagun-mina eta herritarra. Hala ere, aldaketa sendoak proposatzen ziren etorkizunerako. "Gutxinaka haztea nahi dugu, txirrindulari onenak gehituz. Nazioarteko proiektu batera jauzi nahi dugu. Mundu osoan erreferentzia izan nahi dugu" adierazi zuen Alonsok. Horrek etorkizunean taldearen egitura dezente alda dezakeela pentsatzera eramaten zuen. Dena den, kontratua indarrean zuten txirrindulariei eta langileei eustea zen proiektu berriaren asmoa. Egoera horretan zeuden Egoi Martinez eta Gorka Verdugo txirrindulariak, gainontzeko sakandarrei aurten despeditzen baitzaie kontratua. Gainontzekoekin hitz egitekotan omen zeuden. Bi aldeek gaineratu zutenez, "hurrengo egunetan itxiko da behin betiko akordioa". Eta guztiek hori espero zutenean, ez da posible izan. Euskaltel-Alonso akordioa, hautsitaAstelehenean jakin zen Euskaltelek eta Alonsok zuten aurre akordioa hautsi egin zela. "Etsita gaude negoziazioak nola amaitu diren ikusita" adierazi du Euskaltelek bere web orrian publikatutako ohar baten bidez. "Abuztuaren 31ko akordiorako oinarriak sortutako ilusioaren eta Fernando Alonsok eta bere ordezkariek egindako adierazpenen ondoren, albistea tristea da Euskaltelentzat eta taldearentzat" gaineratu dute. Halaber, aipatu dutenez, aurre akordio horretan "bide orri bat" zehaztu zuten. "Geure aldetik guztia jarrita eta baldintzarik gabe ahalegin handia egin dugun arren, azkenean ezin izan dugu gauzatu akordioa" adierazi dute.Alonso prest zegoen datorren urterako kontratua zuten 14 txirrindulariak hartzeko, baina, dirudienez, gainerako 54 langileen egoerak sortu omen du eztabaida. Nonbait, soilik kontratua duten 14 txirrindulari horiek nahi ditu Alonsoren taldeak bere egiturarako, eta gainontzeko txirrindulariak, masajistak, autoak, autobusak, Orbea eta BioRacer enpresekin dauzkaten akordioak... talde osoaren kontratuak errespetatzea nahi omen du Euskaltelek. Eta, nahiz eta bi aldeek hausturaren arrazoiak ez konfirmatu, badirudi hori izan dela desadostasun nagusia eta aurre akordioa apurtzeko arrazoia. Dena den, mota askotako zurrumurruak zabaldu dira. Beste iturri batzuk diote akaso Movistar taldeak presionatu egin ahalko zuela Alonsoren proiektua ez ateratzeko, txirrindularien eta babesleen merkatuan talde berria konpetentzia zuzena litzatekeelako. Soilik bi aldeek dakite zein diren hausturaren arrazoiak. Euskaltelek azaldu du "atsekabea" eragiten diola informazio eta filtrazio faltsu eta interesatuak agertzeak. "Gustatuko litzaiguke negoziazioen xehetasunak azaltzea, guk dena eman baitugu, zintzotasun osoz, baina ezin dugu halakorik egin, negoziazioen konfidentzialtasuna errespetatu egin behar baita" nabarmendu dute. Alonsok sare sozialen bidez adierazi duenez "bukaerara arte saiatu gara baina ezinezkoa izan da 2014an txirrindularitza talde bat izatea. Kirol honekiko dudan pasioak eta kolaboratzeko gogoak jarraitzen dute. Ezin izan da baina izango da! Abentura hau ez da hasi baino egin! 2015erako, ilusioarekin!".ItxieraHorren aurrean, Euskaltelek adierazi du "tamalez egungo proiektua modu ordenatu eta arduratsuan ixteko lanari ekingo diola, pena handiz". Hau ez da soilik talde baten desagerpena, harrobiko txirrindularien etorkizuna dago airean. 20 urte hauetan txirrindulari euskaldunen harrobirako ezinbestekoa zen taldea pertsiana jaistera doa. Hala ez? Oraindik mugimenduak egon daitezke? Babesleren bat ager daiteke? Alonsoren taldea bera gerturatu daiteke? Hala taldea behin betiko desagertuko da? Ikusteke dago. Sakandarrak, atzera ere aireanEuskaltel-Euskadi taldean 68 langile daude, txirrindulariak, zuzendariak, masajistak, auxiliarrak eta beste kontuan hartuta. Tartean daude 6 sakandar, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza txirrindulariak, Oscar Guerrero kirol zuzendaria eta Ibai Jimenez masajista altsasuarra. Berriro ere etorkizunarekin kezkatuta egonen dira, berrien zain, triste eta nondik jo argi jakin gabe. Zorterik onena opa diegu beraiei eta euren lankide guztiei.