Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
70eko hamarkadan gau eskoletan eta ondoren AEKn helduen euskalduntze alfabetatzean aritu ziren eta ari diren irakasleak biltzeko deia egina zegoen larunbatean. 107 pertsona guztira. Eta haietatik 50 inguruk eman zuten baiezkoa eta Etxarri Aranatzen bazkaltzera bildu ziren. Batek baino gehiagok azaldu zuen deialdiak sortu zion "sorpresa pozgarria".Batzuek ibilbide luzea egin dute helduen euskalduntze alfabetatzean eta udal euskaltegietan, IKAn edo AEKn segitzen dute lanean. Haietako asko, bestalde, euskarari lotutako jardueretan segitzen dute. Hainbatek topaketa garai bateko kontuak errepasatzeko baliatu zituzten, zer egiten zuten, nola egoten ziren eta abar. Etorkizunerako asmoak ere izan ziren hizketaldietan. AdierazpenakBazkarian egungo Sakanako AEKko ardurandun Patxi Floresek topaketaren antolatzaileei eskerrak eman zizkien, "poztekoa da hainbeste urteren ondoren biltzea". Guztiei ere eskerrak eman zizkien bere momemtuan zeukaten hizkuntza, euskara, beste batzuei pasatzeagatik edo euskara eskuratzeagatik. Sakanako AEKko aurreneko liberatuak Sagrario Aleman eta Koldo Aldalur izan ziren. Azkenak lanagatik ezin izan zuen etorri, baina IKAko kide eta euskaltzaina den Alemanek hitza hartu zuen eta topaketaren antolatzaileei eskerrak eman zien lehenik. Euskaltzainak nabarmendu zuenez, "gogoz aritu ginen. Hurrengoak ere hala aritu ziren, eta gaur egungoek ere hala segitzen dute". Euskaraz bizitzeko deia eginez agurtu zen.