Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gudari eguna dela eta ezker abertzaleak Etxarri Aranatzen manifestazioa egiteko deialdia egina zuen, bihar 19:00etan. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak manifestazioa debekatu egin du. Ezker abertzaletik erakunde horren "inposizioa eta debeku politikoak" salatu dituzte. Egiaren bidean, askatasuna amets leloa du aurten Gudari egunak. Ezker abertzaletik azaldu dutenez, "gure herriak merezi eta behar duen egia eta aitortza aldarrikatu nahi da" bihar. Horrekin batera, gogoan izan nahi dituzte "askatasunaren aldeko hamarkada luzeetako borrokan aritu direnak; ehundaka dira bere bizia ere eman dutenak". Hilaren aurreneko egunean Otsoportillon haietako batzuk omendu zituztela eta ostiralean, herriz herri, gudari guztiak omendu eta gogoratuko dituzte. Sakanan ere borroka horretan hildakoak izan direla gogora ekarri dute, Mikel Arregiren kasua adibidetzat jarriz. Ezker abertzaletik gogora ekarri dute azaroan beteko direla lakuntzarraren "erailketaren 34. urtemuga, aitzaki ona izan daiteke askatasunaren aldeko militante eta gudariei behar bezalako omenaldi bat egiteko".