Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel enpresak bolobolo dabiltzan zurrumurruei erantzun nahi egin die. Atzo kaleratutako ohar batean, telefonia enpresak gezurtatu egin ditu Fernando Alonsorekin hautsitako negoziazioen ondotik plazaratu diren "informazio faltsuak", puntuz puntu zabaldu diren hainbat baieztapen ezeztatuz. Ezeztapenak1997tik Euskadi taldearen babesle izan den Euskaltelek nabarmendu du ez duela inolako konpentsazio ekonomikorik eskatu Basque Cycling Pro Team elkartearen eskualdatzearen ordainetan. Are gehiago, Euskaltel dirua ordaintzeko prest zegoela azaldu du. "Gezurra da etekinak lortze aldera Euskaltelek negoziazioak estutu izana. Gezurra da egoitzaren kokalekuak eragina izan duela negoziaketetan. Gezurra da probintzia bakoitzean sinatutako kontratuek eragin ditzaketen ondorio fiskalak direla negoziazio ustelen erantzule" dio Euskaltelen prentsa oharrak. Langileen kontratazioek ere zeresan handia eman dute, baina Euskaltelen iritziz, pertsonen kontratazioa edo tresneria erostea inposatu izanak ez du Alonso atzera bota. Faltsutzat jo du ere kontuak ikuskatzerakoan Basque Cycling Pro Team-en kontuetan inolako irregulartasunik aurkeztu izana. Eta Euskaltelek nabarmendu du ez duela inolako oztoporik aurreakordioa gauzatzeko. Urte luze hauetan 45 milioi euro ordaindu dizkiola taldeari eta Alonsorekin adostutako isilpekotasun-klausula une oro errespetatu dituela nabarmendu du telefonia taldeak.