Txirrindularekin Sakana gozatuz

Guaixe 2013ko urriaren 1a

Igandean ospatu zen XX. Sakanako Txirrindula Eguna. Mank-eko Kirol Zerbitzuak antolatu zuen, Burunda eta Aralar Txirrindularitza kluben laguntzarekin eta hainbat babeslerekin. Goizeko 9:00etan 200 txirrindulari atera ziren, eguraldia lagun, Sakana zeharkatu eta Altsasuraino heltzeko helburuarekin, 39 km osatuta. Adinekoak, helduak, gazteak, familia osoak... denak igo ziren bizikleta gainera. Arakileko herri, bide eta xenda politak pasa eta gero, Lakuntzan geldialdia egin zuten, gosaltzeko. Antolakuntzak freskagarriak banatu zituen. Ondoren bideari ekin zioten berriro, Altsasuraino heltzeko. 250 txirrindulari inguru iritsi ziren helmugara, eta guztiek Nestlé izozkia jaso zuten opari. Mank-ek autobus zerbitzua eta bizikletendako kamioi zerbitzua antolatu zuen.Bidean barna aldaketak egoten dira, parte-hartzaile batzuk ibilbidea utzi eta beste asko gehitzen joaten dira. "Guztira, gutxi gora behera, 400 partaide ariko zirela uste dugu. Eguraldi bikaina egon zen eta giro ederra ibilbide guztian barna. Txirrindularen eguneko balorapen ona egiten dugu" adierazi  digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.