Altsasuko enplegu bulegoan langabetu gutxiago

Guaixe 2013ko urriaren 2a

Iraila akaberan aurreko hilean baino 43 langabe gutxiago zeuden emanda, guztira 1.517. Jaitsiera %2,67koa izan da. Sakana guztiko datua ezagutzeko Iruñeko zabalgunean izena emana duten arakildar eta irurtzundarren datuak behar dira. Bulego beraren bidez irailean itxi ziren 592 kontratuetatik 29 besterik ez ziren mugagabeak izan. NafarroaHerrialdean langabeziak, agorrileko datuekin alderatuta, %0,63 egin du behera  (317 gutxiago) eta guztira 50.407 dira langabe nafarrak. Duela urte bat baino 730 gehiago dira lan bila dabiltzanak Nafarroan (%1,47 gehiago). Emakumezkoak dira langabe gehienak: 26.329 (%0,09 edo 24 gutxiago). Gizonezko langabeak, berriz, 24.078 dira (%1,21 gutxiago).Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzaile Maria Isabel Garcia Maloren iritziz, datuek "joera positiboa islatzen dute, zazpigarren hilabetez behera egin duelako". Hala ere ohartarazi du jaitsiera hezkuntzan, eraikuntzan eta elikagaien industrian izandako kontratazioengatik izan dela jaitsiera. Malok nabarmendu nahi izan du aurreko hilabetearekin alderatuta kontratazioa orokorrean "hazkunde handia"  izan duela.