Tokikom-en eta Euskadi Irratiaren arteko elkarlana hasi da

Guaixe 2013ko urriaren 3a

Astelehenetan, 18:30etik 19:00etara, Mezularia saioak tokiko informazioaren berri emateko mahaingurua eskainiko duTokikom euskarazko tokiko hedabideen bateragunea da eta bertako kide dira Sakanako euskarazko hedabideak, Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia (FM 107,3). Tokikomeko presidente Mikel Irizarrek eta EITBko irratietako zuzendari-koordinatzaile Odile Kruzetak atzo lankidetza hitzarmena izenpetu zuten. Sinatutako agiriaren helburua euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da, "euskararen normalizazioa bultzatuta, herritarren arteko bizikidetzari mesede egiten zaiolakoan". Euskadi Irratiko eta Tokikomeko arduradunek adierazi dute, gainera, "interes komun horren alde lankidetzan aritzeko borondatea dutela, aldian aldiko formula egokienak bilatuko dituztelarik".Tokiko informazioa Mezularia irratsaioan Elkar lan horretan aurreneko pausua Euskadi Irratiko arratsaldeetako Mezularia albistegian emanen da. Tokikomen biltzen diren hedabideetako kazetariekin, astelehenero, herrietako informazioa jorratzen dute. Ainhoa Etxebestek gidatuta, eta astero txandakatuz, Tokikomeko kide diren hiru hedabideetako ordezkariak mahai-inguruan ariko dira tokiko informazioa aletuz. Sakanako berri heldu den astelehenean emanen da aurrenekoz.