Saharari kantatuz Pello Reparaz Tindufera

Guaixe 2013ko urriaren 7a

Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Arabako lagunen elkarteak antolatu zuen kantu lehiaketa. Sari nagusia FISaharara joatea (Saharako nazioarteko zinema jaialdiaren X. ediziora, hilaren 8tik 13ra izanen da, Tindufeko errefuxiatu eremuan) eta jaialdiko kontzertu nagusian parte hartzea zen. Oinarriak irakurrita Pello Reparazek ez zuen bitan pentsatu eta lehiaketan aurkeztea erabaki zuen. Baita Oroitzapenean izeneko kantuarekin irabazi ere.Izan ere, Reparaz sahararren errefuxiatu eremuetara bueltatzeko "irrikitan" zegoen. Halaxe aitortu du Beleixe Irratian (FM 107,3). "Kriston ilusioa egin zidan irabazteak eta berriro hara joateak nire hango lagunekin berriro biltzeak. Gauza handia izanen da". Joan zen urteko Aste Santuan taldearekin, Vendettarekin, egon zen. "Nolabaiteko bira egin genuen errefuxiatuen kanpamenduetan".Reparazek azaldu duenez, "han egon direnek badakite sekulako esperientzia dela eta guretako esperientzia ikaragarria izan zen. Honantz etorri aurretik bueltatzeko gogoz geunden". Arrastoa uzten duten bidai horietako bat izan zela gaineratu du Beleixe Irratian (FM 107,3): "oso esperientzia inportantea eta norberaren buruari dagokionez oso iraultzailea. Han egon izanak gauzak beste modu batera ikustarazten dizu. Hemendik joan baino lehen pentsatzen genuena baino askoz aurreratuago daude".LehiaketaBueltatzeko gogoz zegoen eta Sahararen aldeko lehiaketa suertatu zen: "Sahararen aldeko kanta bat idatzi beharra zegoen. Bakarlari bezala parte hartu behar zen eta nik neuk parte hartzea erabaki nuen. Sariak berak, errefuxiatu eremura joateak, dezente motibatu ninduen". Lehiaketaren berri jakin eta zalantzarik gabe aurkeztu zen arbizuarra. "Ongi atera da eta berriro Sahara joateko aukera suertatu da". Lur Larraza gitarra-jole etxarriarrarekin joanen da.Argitaratu gabeko kantua aurkeztu behar zen. "Aurkeztu diren guztiekin kontzertua egin zen maiatzean Gasteizen eta disko bat argitaratu da". Reparazek lehiaketara aurkeztutako kantua etxean grabatu zuen. Arbizuko sinfonia ere hala prestatu zuen. "Asko gustatzen zait produkzioa, kantuak grabatu eta ekoiztea. Aski pozik nago emaitzarekin".Oroitzapenetan kantua Marokok okupatutako lurraldeetara ezin bueltatu eta Aljeriako basamortuko errefuxiatu eremuetan gehien faltan botatzen dutena itsasoa da. Hari kantatu dio Reparazek. "Nahiko kantu oso-oso malenkoniotsua da. Nik han bizitakoan oinarrituta sortu nuen eta beraien sentipenak islatzen dira gehien bat".EgunerokoaAste hau emanen dute Reparazek eta Larrazak Tindufen. Reparazek bizitakoekin eta FISaharan gertatutakoen berri emanez eguneroko bat publikatuko du Saharari kantari Facebook kontuan. Kontzertua Tonino Carotonerekin batera emanen du. Ondu duen kantuarekin batera besteren bat gehiago ere eskainiko du. "Baina askoz gehiago ere ez, ez gara bakarlariak". Emanaldia azken egunean da, baina bidaian, kontzertua bigarren planoan dagoela aitortu du Reparazek.