Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak 21 urte bete zituen larunbatean eta primerako oparia jaso zuen: 2014an Munduko Motoziklismoko Abiadura Txapelketako denboraldi osoan aritzea. Hori ahalbideratuko dio Tech 3 eskuderia frantziarrak. Aipatu eskuderiak Irurtzungo pilotua hurrengo denboraldirako kontratatu du, Moto 2 mailan aritzeko. Egindako lanaren ordainaIzan ere, Mariñelarenak Blusens Avintia taldearekin Mundialeko azken bi probatan egindako lana ez da oharkabean pasatu. Dani Rivas pilotuak izandako erorketa zela medio, pilotu galiziarra ordezkatzeko deitu zuen Blusens Avintiak Espainiako Abiadura Txapelketan Targobank Motorsport taldearekin dabilen pilotu irurtzundarra. Nahiz eta euren Kalex motorrean inoiz ez ibili, Alexek San Marinoko proban berehala hartu zion tamaina motorrari, baina erorketa batengatik ezin izan zuen proba bukatu. Baina Alcañizeko zirkuituko Mundialeko proban, 17. postutik atera zen Mariñelarena eta 14.a bukatu zuen lasterketa. Mundialean 2 puntu lortu zituen, nafar batek Mundialean puntuatzen duen lehen aldia, eta taldearen helburua - lasterketa bukatzea - goitik bete zuen. Horrela, sari bikoitza lortu zuen irurtzundarrak: aurtengo Mundialean geratzen diren 4 lasterketatan Blusens Avintia taldearekin aritzea, eta hurrengo urterako kontratu bat lortzea, Mundialeko proba guztietan aritu ahal izateko. Irurtzundarra pozez lehertzear dago Tech 3 eskuderiarekin fitxatu izanagatik. "Sekulako urtebetetze oparia da, betetako ametsa" dio. Bi aldeek ostiralean itxi zuten akordioa. "Ongi dator hurrengo lasterketetara lasaiago joateko. Tech 3ko taldeko zuzendari Hervé Poncharalek nigatik apustu egin du eta emandako konfiantza hori bueltatzeko lan eta esfortzu handia egin beharko dut eta emaitza onak lortu " gehitu du irurtzundarrak. Tech 3Tech 3 eskuderia 1990 urtean sortu zen. Yamaha eskuderia ofizialeko satelite bat da, hurbilekoa, eta MotoGP eta Moto 2 mailetan lehiatzen da. 2 pilotu dabiltza MotoGPn eta beste bi Moto 2 mailan. Colin Edwards, Ben Spies, Andrea Dovizioso eta Bradley Smith dira aipatu taldean aritu izan diren pilotuetako batzuk. Mariñelarenak Danny Kent ordezkatuko du eta Marcel Schrotter pilotu alemaniarra izango du taldekide. Tech 3 izena du Mariñelarena hurrengo denboraldian lehiatuko den motorrak eta motor horrekin hiru urtez dabil lanean eskuderia. Asteburuan MalasianAsteburuan Munduko Abiadura Txapelketako Malasiako Sari Nagusian ariko da Alex Mariñelarena Blusens Avintiarekin, Sepang zirkuituan. Asteartean hartu zuen Malasiarako bidea. Moto 2an Mundiala dute jokoan Scott Redding liderrak (215 puntu) eta gero eta gertuago dagoen Pol Spargarók (195 puntu). Mariñelarenaren helburua etapa despeditzea da. Tele 5 katearen bitartez jarraitu ahal izango da proba. Mariñelarena urriaren 20an Australian lehiatuko da, urriaren 27an Japonian eta azaroaren 10ean Valentzian. Azaroaren azken bi asteburutan egungo bere talde Targobank Motorsportekin arituko da Espainiako Abiadura Txapelketako azken bi probatan. Egun bigarrena da Mariñelarena (122 puntu) eta Roman Ramos liderrarekin (146 puntu) duen aldea laburtzea izango da bere lana.