Haur txiki bat nintzenean (euria egin du ordudanik) abentura handi bat izaten zen Iruñetik Burundara bidaiatzea. Gehienetan trena hartzen genuen eta lokomotora beltzen bafaden artean ateratzen ginen Iruñeko tren geltokitik. Goizeko 8etarako edo egon behar ginen hantxe, nire aitak beti trena atera baino ordu bat lehenago egon nahi baitzuen gu gabe joango zelako beldurrez.Behin trena deskarrilatu zen, ez dakit non zehazki, 60. hamarkadan izan zen eta gu barruan harrapatu gintuen. Uharte-Arakil aldean edo izan zela esango nuke, hain zuzen ere, 1997ko bazko astelehen txar batean beste tren bat errailetik berriro ere aterako zen leku berean edo handik gertu. Gure kasuan ez zen zauriturik egon, ziztu bizian atera ginen trenetik eta hantxe egon ginen noraezean autobus bat gure bila etorri zen arte.Beste istripuan, berriz, 90. urtearen hamarkadakoan, 18 lagun hil ziren eta 100 inguru zauriturik gertatu ere bai. Trena Bartzelonatik Hendaiara zihoan Intercity horietako bat zen, eta literaturgile ospetsu baten izena zeraman: Miguel Unamuno. Idazle gaixoak ez zuen inoiz ere imaginatuko, zer nolako oroitzapen tristeak ekarriko zizkien bere izenak han senideak galdu zituzten guztiei.Baina gatozen harira, tren zaharraren kearen eta kedarraren artean neketsu egiten zen herrira joatea. Iruñetik garbi-garbi ateratzen ginen arren, Altsasura iritsi orduko arropa aldatu behar izan genuen behin baino gehiagotan. Bidaia bera ere astuna egiten zitzaidan, luzea eta bidaiarien ogitarteko eta janari ezberdinen usain artean. Gainera, batzuk zapatak kentzera ausartzen ziren, konpartimentu itxi haietako kiratsa areagotuz. Horregatik, nik, gutxienez, trenaren alde erromantikoa alde batera utzita eta hormetan zintzilikatuta zeuden Donostiako La Kontxako irudiak politak zirela onartu arren, La Burundesa-n joatea nahiago nuen. Autobusa modernoagoa iruditzen zitzaidan trena baino.Tren batek idazle ospetsu baten izena har dezake, (ez dakit noizbait Juanjo Olasagarre edo Castillo Suarez Intercity-ak hartzeko aukera izango ote dugun) egia da; baina autobus batek badu haur batentzat beste xarma berezi bat: zure herriaren edo ibarraren izena har dezakeela, kasu honetan, Burunda. Gainera nire amak beti esaten zuen bera "burundesa" zela eta, horregatik edo, La Burundesa autobusa nirea edo nire amarena balitz bezala hartzen nuen eta pozik joaten nintzen barruan, gure aberri txikiaren izena munduan zehar barreiatzen.Egun, ikasturtean Iruñetik Gasteizera autobusez egunero joateak mila eta laurehun euro inguru gehiago balio du Bilbotik Gasteizera joateak baino. Honek autobusarekiko nire haurtzaroko oroitzapen gozoak garraztu ditu eta trenari begira gelditu naiz berriro.Juankar Lopez-Mugartza