Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
XVI. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelketako kanporaketa hartuko du igandean, 17:30ean, Altsasuko Burunda pilotalekuak. Beñat Gaztelumendi Arandia, Erika Lagoma Pombar, Jexux Mari Irazu Muñoa, Oihane Perea Perez de Mendiola, Unai Agirre Goia eta Xabier Silveira Etxeberria bertsolariak izanen dira neurtuko direnak. Saiora joaten direnek euren bertsoekin belarriak goxatuko dituzte. Baina, aurretik, bertsozaleek euren dastamenari gozagarri bat eskaintzeko aukera aparta izanen dute. On Egin egitasmoa da horretarako aukera eskaintzen duena. Gure kulturaren bi adierazpide nabarmen batzen ditu On Egin egitasmoak: bertsolaritza eta sukaldaritza. Bierrik Fundazioak Arkangoa, Biltoki eta Kaixo jatetxeekin elkarlanean, bazkal garaian deskontuak eskaintzen dizkie bertsozaleei. Horretarako Altsasuko kanporaketako sarrera aurkeztu behar da soil-soilik. Arkangoa jatetxeak 19,95 euroko menua prestatu du bertsogosez Altsasura etorriko direnendako. Biltoki jatetxearen menu eskaintza 21,25 eurokoa da. (Bietan deskontua barne dago). Kaixo jatetxean, berriz, menuan, plater konbinatuetan eta ogitartekoetan eskainiko dituzte deskontuak. On Egin Bierrik Fundazioaren ekimena da. Bierrik-ek Sakanan euskarazko hedabideak (Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia) sustatzeaz aparte, ibarreko ekonomia mugitzeko ahaleginak egiten ditu. Bi urte eta erdi daramatza bazkide txartela eskaintzen (eskualdeko 80 komertzio baino gehiagotan deskontuak lortzeko aukera ematen duena). Maiatzean Altsasuko Antzerki Zikloarekin antzeko aukera eskaini zuen. Gaur aurkeztutako egitasmo gehiago egiteko asmoa du etorkizunean Bierrik-ek eta, horretarako, Sakanako eragileekin elkarlanean aritzeko prest dago.Bierrik Fundazioak bertsozaleak saioaren aurretik bazkari eder batekin gozatzera gonbidatzen ditu. Bertso-jaleari, On Egin!