Enneco eskultura jendaurrean aurkeztuta

Guaixe 2013ko urriaren 10a

Nestor Basterretxeak Etxarri Arantzen eraikiko den Enneco, haritzaren memoria interpretazio zentrorako egin duen eskultura ostiralean aurkeztu zuen. Basterretxeak 5 metroko altuera izanen duen altzairuzko eskultura egin du. Interpretazio zentroaren sarreran kokatuko da eta haren ikurra bihurtuko da. Basterretxeak bere lanari Enneco izena eman dio. Eskultorearen esanetan, artelanak harresi eta bihurguneak irudikatzen ditu. Harresia, Estatuen zapalkuntza, errepresio eta sufrimenduari erreferentzia eginez. Bihurguneak, Nafarroak bizirik irauteko gaitasuna eta borondatea duelako. Horrela, zurruntasuna eta malgutasuna kontrajarri ditu, Eneko Aritza errege nafarraren izena daraman artelanean.Egileak azaldu zuenez, Nafarroaren "bizi-goraldiaren historia mingarria" erreproduzitzen du. "Artelan bat ez da beti balio estetikoekin egindako aurre-azterketa baten emaitza; batzuetan gai batek lanaren estetikara eramaten zaitu eta hau kasu horietako bat da". Nafarroarekiko duen maitasunak motibatu zuela nabarmendu zuen eskultoreak. Iruñeko Kaskallueta Kultur Elkartean egin zuen aurkezpena eskultoreak, egitasmoaren sustatzaile Nafarroa Bizirik Fundazioko kideak aldamenean zituela. Etxarri Aranazko Udala ordezkatuz Joxi Bakaikoa eta Kitz Mendiola izan ziren, baita Juan Kruz Aldasoro politikaria ere. AurkiUrtea despeditu aurretik Enneco eskultura bere tokian kokatuko da. Horretarako, inguruaren garbiketa partziala egin beharko da. Fundazioak eta udalak auzolanera deituko dute. Bi erakundeak Ingurumen Departamentuarekin harremanetan daude, Basopokale eta Danbolintxulo artean parkeak hartuko duen eremuko natur baliabideen inbentarioa egiteko. Proiektua dauden natur baliabideetara egokitu eta integratu nahi da, basoaren izaera, orografia eta baliabideak mantenduta.Erreprodukzioak Bana jasoko dute Nafarroa Bizirik Fundazioaren alde 2000 edota 6000 euroko dohaintza ematen dutenek, Basterretxeak sinatuta, eta agiri legal guztiekin.