Errepresioaren kontra plaza inguratzera deitu dute

Guaixe 2013ko urriaren 11

Ospa eguneko "neurrigabeko okupazio militarra" eta ondorengoak gogoan, Sakanak "sufritzen duen errepresioa eta poliziek erabiltzen duten bortizkeria eta gehiegikeriekin bukatu beharra dagoela" adierazteko deitu dute biharko mobilizazioa. Altsasuko plazatik, atzera ere "indar okupatzaileek gure herrietatik alde egin dezatela, inongo indar polizial errepresiboren presiorik gabe bizitzea" eskatuko dute. Errepresiorik ez! Alde hemendik! Utzi bakean Sakana leloa duen mobilizazioan parte hartzera deitu du Ospa mugimenduak. "Lastailaren 12an ezer ospatzeko ez dugula ozen esan eta gure herrira gerra egitera etorri den Guardia Civila alde egiteko eskatuko dugu". Mugimenduko kideek gaineratu dute "Ospa egunean erakutsitako borroka eredugarriarekin jarraitzea ezinbestekoa" izanen dela, "azken egun, aste, zein urteetan sufritu dugun errepresioarekin bukatu nahi badugu".