Etzi bi beato berri

Guaixe 2013ko urr. 11a, 18:27

Igandean, Tarragonan, Espainiako gerra zibilean hil zituzten 522 gizon eta emakume beatifikatuko dituzte. Eguerdian hasiko den elizkizun handi batean beatifikatuko dituzte guztiak. Haien artean bi sakandar daude: Saturnino Pascual Jaunsaras Zabaleta irurtzundarra eta Lorenzo Lizasoain Lizaso irintarra. 2007ko lastailaren 28an, Erroman, arrazoi beragatik beatifikatu zuten Bernardino Irurzun Otermin domingotar fraide egiarretarra.

Saturnino Pascual Jaunsaras Zabaleta (Herminio anaia)
1912ko otsailaren 11n jaio zen Irurtzunen eta 15ean bataiatu zuten. 10 anai-arreba ziren. Pedro, aita, zurgina zen eta oso erlijiotsua. Hilaria, ama, errukiorra eta karitatetsu. Biek ere familia anitza aurrera ateratzeko gogor lan egin zuten. 1915eko garagarzaroaren 19an konfirmatu zuten Saturnino. 1924ko abenduaren 28an Alesbesko maristen juniortzan sartu zen. Abitua 1928ko irailaren 8an hartu zuen Les Avellanesen (Lleida) eta han bere aurreneko botoak eman zituen. Calatayud (Zaragoza, 1930ko agorrila), Barruelo (Palentzia, 1930eko agorrila),  Burgos (1934ko ilbeltza) eta Lucenatik (Cordoba, 1935eko agorrila) pasa zen. 1936ko ilbeltzean Chinchonera (Madril) lekualdatu zen. Antza zalantzan zegoen bere erlijio bizitza bere anaien adibidearekin biziberritu zen. Erlijio gizon gisa 7 urte eman ondoren, 24 urterekin Madrilgo Casa de Campon hil zuten 1936ko garilaren 29an.

Lorenzo Lizásoain Lizaso (Jorge Luis anaia)
Irañetan jaio zen 1886ko irailaren 4an. Jaio eta hurrengo egunean bataiatu zuten Lorenzo. Migel Angel eta Francisca ziren bere gurasoak. Bi alaba eta bost seme izan zituzten. Familia langilea eta ongi kokatua, zintzotasun eta erlijiotsuak zirelako itzala zuten eskualdean. Seme-alabetako lauk erlijio biziari heldu zioten eta haietako bi 36an hil zituzten. 1895ean aita Kubako gerrara eraman zuten eta seme zaharrena, apaiza, Lorenzoren hezkuntzaren arduradun egin zen. 1901eko lastailaren 26an San Andres del Palomar (Bartzelona) nobiziatuan sartu zen. Abitua hurrengo urteko martxoaren 30ean jantzi zuen. Bere aurreneko profesioa 1903ko irailaren 6an izan zen eta betiko profesioa 1908ko agorrilaren 28an. Han zegoela nafarreri epidemia batek jo zuen. Azpeitian (Gipuzkoa, 1904-1907) sukaldari eta irakasle laguntzaile izan zen. Ondoren Katalunian, Kordoban (urte bakarra) eta Toledon (1930-1936) egon zen. Han zegoela, Grugliascora (Italia) joan zen urte erdirako, trebatze espiritual eta pedagogikoa hobetzeko.

Toledora bueltan administratzaile, zuzendari orde, irakasle eta internoen prefekto izan zen. Gizon sasoitsua, handia, begi kolpean harritu egiten zuen, baina guztiendako bihotz handia omen zuen. Eukaristiari debozio handia zion. Klasean ikasleek osatutako kontrol eta diziplina sistema antolatu zuen eta emaitza onak ematen zituen. 1936ko agorrilaren 24an fusilatu zuten. Bezperan bere anaiak hil zituzten, baina bera espetxeko sukaldean zerbitzua egiten harrapatu zuen gertaerak. Han zegoela ezagutu zuten eta fusilatzera eraman zuten.

Egitaraua
Lastailak 12, larunbata
18:30etik 22:00etara San Fruktuoso eta XX. mendeko martirien pasioaren errepresentazioak.
19:00etan Bezpera nagusiak katedralean.

Lastailak 13, igandea
12:00etan Beatifikazioa eta meza saindua, unibertsitate laboral zaharrean.