Herrira-ren kontrako operazioa salatu du udalak

Guaixe 2013ko urriaren 10a

Bilduk eta NaBaik aurkeztutako mozioan jaso denez, "operazio poliziala eta atxiloketak herri honen gehiengoari eta  konponbide prozesuari egiten zaizkion eraso gisa ulertzen dituela". Mugimenduaren kriminalizazioa salatzearekin batera, euskal presoen Euskal Herriratzea eta haien eskubide guztiak aldarrikatu zituen, giza eskubide guztien errespetuaren alde dagoen bezalaxe. Mozioan ere eskatzen da gatazka politiko eta armatuaren parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei prozesuari etengabeko ekarpena egin eta jarrera eraikitzearen bitartez laguntzea. Bi koalizioen aldeko bozarekin eta PPren kontrakoarekin onartu zen mozioa. Bestalde, Bilduren eta NaBairen aldeko bozekin eta PPren abstentzioarekin onartu egin zen Kalitatezko Osasun-laguntza berma dadin eta Nafarroako landa-eremuetako herritarrek dituzten eskubideak eta zerbitzuak arautzeko asmoz Zangozako Merindadeko udalek abiatutako legegintzako ekimena babestea.Pintaden inguruanETAk hildako Jesus Ulaiarren etxean eta beste hainbatetan ETA goratuz pintadak agertu ziren irailaren 8an. Juan Antonio Extremera zinegotzi popularrak udalak pintada horiek gaitzesteko eskatuz mozioa aurkeztu zuen, "gizartearekiko eta, batez ere, terrorismoaren biktimekiko izugarrizko errespetu falta delako". ETAk hildako Ulaiarren etxean egindako pintada "izugarrizko iraina dela pentsatzen dugu, bai bere familiarendako, baita bere lagunendako ere". Extremerak adierazi zuen ETAren aldeko halako ekimenak kondenatu beharko liratekeela. Horretaz gain, Jesus Ulaiarren senide eta lagunek erakundeen babesa eta talde guztien errespetua izan beharko luketela eskatu zuen.  Bildutik salatu zuten "alderdi popularra Sakanako tokiko administrazioen eguneroko lana oztopatzeko eta kriminalizatzeko helburua duen estrategia batean buru belarri murgildua dabilela, alderdikeria eta oportunismo politiko hutsean oinarrituz protagonismoa bilatzeko". Alkatetzako taldetik adierazi zenez, Ulaiarren etxean agertutako margoketen berri izanda astelehenean bertan udal langileei gertatutakoaren berri eman zitzaiela, eta margoketak dagoeneko ezabatuak izan zirela egiaztatu ahal izan zutela besterik.Koalizioak popularrei leporatu zien mozio horrekin bere "miseriak" estali nahi izatea. Udal bizitzan eta etxarriarren egunerokotasunari erantzuten dieten gaien kudeaketan popularren jarrera "hutsaren hurrengoa" zela nabarmendu zuten. Pintaden inguruko "azterketa oportunistaz aparte", popularrek "nahita ahazten" dituztela Guardia Civilak hildako Lakuntzako zinegotzi Mikel Arregi edo gerrako eraildakoak, edo torturaren kontrako mozioak arbuiatzen dituztela. "Gatazkaren ondorioei heltzea eta gainditzea, eta normalizazio politikoaren lanketa" egin nahi den garai politiko berrian gaudela nabarmendu zuten. Horregatik, "biktima guztien onarpena lortzearen helburuarekin lan egitea beharrezkoa ikusten dugu, inor baztertu gabe. Beharrezkoa da konpromisoak hartzea, eta sufrimendu guztiak onartzeko borondatea erakustea, zauriak ixteko eta, bai egia, eta bai biktima guziei eta gizarteari zor zaion onarpena eta ordaina bermatzeko". Horretarako elkarrizketa derrigorrezko lanabesa dela nabarmendu zuten. Bilduk jarrera eraikitzailea eskatu zion PPri. NaBaitik irakurketa partidisten kontra azaldu ziren eta gaia orokortasunean aztertu beharraz. Biktima guztiendako aitortza eskatzearekin batera, kolore guztietako pintadak kentzearen alde agertu ziren koalizio kideak. Bi koalizioen kontrako bozarekin eta PPren aldekoarekin mozioak ez zuen aurrera egin, gaia orokortasunean aztertu zelako.Gaztetxearendako beste kokapen batPPk mozioa aurkeztu zuen udalari eskatuz gazteen kontzertu eta gauetako festak egiteko beste kokapen bat bilatu dezala. Irailaren 7an izan zen kontzertuan musikaren zaratak batzuei loa eragotzi eta kontzertuak eragindako zikinkeriak herritar askoren ondoeza eragin zuela argudiatu zuen. PPko kideak herritik kanpo karpa bat jartzea eta tabernek barra jartzeko aukera izatea proposatu zuen. NaBaitik azaldu zuten kontzertuak ez direla astero izaten eta "soinua ez dela hainbesterainokoa". Garbitasunarekin zerbait egin beharra zegoela nabarmendu zuten. Bildutik kokapen zehatz baten proposamena eskatu zioten eta garbiketaren arazoa konpontzeko lanean daudela azaldu zuten. Bi koalizioek mozioaren kontra eta popularrek alde bozkatu zuten.