Jai egun "arrotza" da lastailaren 12a eta horregatik sakandarrek Altsasuko plaza inguratu zuten Guardia Zibila Euskal Herrian soberan dagoela adierazteko. Ospa mugimenduak deituta ehunka pertsonak plaza "okupatu" zuten herriarena dela adierazteko. Guardia Zibilaren "azkeneko okupazioa" Altsasuko plazan Ospa Egunean, abuztuaren 31n, izan zela salatu zuen Ospa mugimenduak. Egun horretan ehun Guardia Zibil baino gehiago eta helikopteroa izan zirela oroitarazi zuten. Sakanako herritarren gehiengoaren aldarria isilarazi nahi dutela kritikatu zuten. Europa Batasuneko biztanleko polizia gehien duen herrialdea da Euskal Herria: sei polizia mila biztanleko. Nafarroan 52 kuartel daude eta horietako bi Sakanan daude. Guardia Zibilak euskal herritarrak "bahitu, erail, torturatu, jarraitu, mehatxatu, identifikatu eta xantaiatu" dituztela salatu dute: "Espaniar identitatea armen bidez inposatu nahi dute eta euskal herritarron eskubideak zapaltzera etorri dira". Hortaz, Guardia Zibilak Sakanatik "alde" egitea exijitu du Ospa mugimenduak.Azkenetan Altsasun hamarnaka edukiontzi eta bi auto kiskalita agertu ziren, eta Ospa mugimendutik "indar errepresiboen estrategia" aski ezaguna dela nabarmendu zuten: "esku beltza dago ekintza hauen atzean". Bi altsasuarrek Iruñeko Guardia Zibilaren komandantzian deklaratu behar izan dutela gogorarazi zuten, horietako bat Altsasuko alkatea da. "Aldarri zilegi baten eta horren alde lan egiten duten pertsonen kriminalizazioa bilatzen dute". Altsasuko hainbat alderdien jarrera kritikatu zuen mugimenduak. Izan ere, gertaera errepresiboen aurrean "Alde Hemendik aldarria" ez zabaltzea eta mobilizaziorik ez egitea gomendatu zieten Ezker Batuak, Geroa Baik eta PSNk: "Guardia Zibilak probokatzen gaituelako". Guardia Zibilak ibarretik ospa egin eta errepresioarekin amaitzeko indarrak biltzera animatu zuen Ospa Mugimenduak.