Adinduei kalean egindako lapurretez gaztigatu dute

Guaixe 2013ko urriaren 15a

Foruzaingoak jakinarazi duenez, azken aldian pertsona helduei kalean objektuak lapurtu dizkiete. Adinduei ezezagunak zaizkien eta atzerriko azentua duten emakume bat edo bi hurbiltzen zaizkie eta hainbat distrakzio modu erabilita gainean dituzten balioko objektuak lapurtzen dizkiete. Atentzioa galarazteko lapurrak adinduek ulertzen ez duten hizkuntza batean aritzen dira, gormutu plantak egiten dituzte edo dirua edo jatekoa eskatzen dute. Adinduek izkin egin nahi izan badiete ere temati aritzen dira eta, behin kontaktua lortu ondoren, adinduek urrezko kateak edo erlojuak lapurtu dizkietela konturatzen dira. Halakoak Sakanako bi herrietan izan direla azaldu du Foruzaingoak. Maiatzean ere halakoak gertatu ziren. Orduan, sinadura bilketa bat edo antzeko aitzakiarekin, sakandarrak entretenitu eta bitartean balioko gauzak lapurtu zizkieten. Foruzaingotik ohartarazi dute halako lapurretak talde ibiltariek egiten dituztela.