Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Talde laranjak asteartean azken pedalkadak eman zituen Txinan. 20 urteko ibilbideari agur esan zion Euskaltel-Euskadik Beijingo Tourrean, Movistar taldeko Beñat Intxaustik irabazitako proban. Alvaro Gonzalez da Galdeanoren zuzendaritzapean, Mikel Landa, Mikel Astarloza, Garikoitz Bravo, Ricardo Garcia, Juanjo Oroz, Juanjo Lobato, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Gorka Verdugo etxarriarra aritu ziren lehian Txinan, talde laranjaren azken alineazioa. Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenarekin nazioarteko tropela bere talde beteranoenarik gabe geratu da. World Tourrean aritzeko lau urteko lizentzia lortu zuen talde laranjak aurten. World Tourrean sartu ahal izateko Euskadi fundaziotik kanpo aritu zen aurten Euskaltel, txirrindulari atzerritar batzuk kontratatuz, World Tourrak eskatutako puntuaziora heltzeko txirrindulari hauen puntuak batuz. Baina filosofia aldaketa hori ez da nahikoa izan. Krisiak taldea hil du. Euskaltel telefonia enpresa bere ekarpenarekin jarraitzeko prest zegoen, baina instituzioak ez zeuden talde laranja babesten jarraitzeko moduan eta Euskaltelek ezin izan zion heldu taldearen aurrekontu guztiari. Bigarren babeslea lortzeko lanek ez zuten fruiturik eman eta taldea desagertuko zela adierazi zuten arduradunek abuztuaren 20an. Ondoren iritsi zen 1 Formulako pilotu Fernando Alonsok taldearen lizentzia erosi zuenaren berria. Baina hori ere espejismo hutsa izan zen, eta azkenean ez zen gauzatu Alonsoren txirrindula taldearen egitasmoa. Tamalez, 20 urteko historia pikutara joan da. Euskaltel-Euskadi ez zen ohiko txirrindulari taldea. Euskal Herriko txirrindulariek non aritu taldea zen, txirrindulari euskaldunen harrobirako ezinbestekoa zen taldea, profesional mailara saltoa emateko plataforma bikaina. Eta... orain zer? Euskadi fundazioaren jarraipena inoiz baino beharrezkoagoa da. Fundazio horrek azken 20 urteetan egindako lanari esker, makina bat txirrindulari euskaldunek lortu dute txirrindulari profesional izateko ametsa betetzea. Ea, Euskadi fundazioak behintzat, irautea lorten duen. Euskalteleko sakandarrak etorkizuna airean6 sakandar dira Euskalteleko kide: Gorka Verdugo, Egoi Martinez, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza txirrindulariak, Oscar Guerrero kirol zuzendaria eta Ibai Jimenez masajista. Azken orduko berririk ez badago, aipatutakoek ez dute talde berririk aurkitu eta etorkizuna airean dute.