EHBilduk Madrilen Udal Legearen kontra jo du

Guaixe 2013ko urriaren 17a

Botere instituzionala zentralizatu eta oinarrizko zerbitzu batzuen pribatizazioari ateak zabaltzen diela uste duKoalizioko hainbat hautetsi, Ainara Aistaran Uharte Arakilgo alkateordea tartean zela, Nafarroako gobernu ordezkari Carmen Albari gutuna eman zioten, Espainiako Gobernuak sustatu duen tokiko administrazioen erreformaren kontrako argudioak emanez. Udal eta kontzejuen egungo eskuduntza batzuk desagerrarazi eta besteak murriztuko lituzkeela salatu zuten. 20.000 biztanletik beherako toki erakunde guztiak desagertu edo konpetentzia guztiak galtzeko arriskuan daudela nabarmendu zuten. Lege erreforma berriak herritarrak kaltetuko dituela ziurtatu zuten EHBildutik, "zerbitzu publikoetan eta prestazio sozialetan eragin zuzenak izango baititu legeak, bai kalitatean baina zerbitzu horien estaldura mailan". Udal langileengan murrizketak, azpikontratak eta ur hornikuntza, hiri hondakinen tratamendua eta bestelako zerbitzu publikoen kudeaketa negozio pribatua bihurtu nahia egotzi dio EHBilduk lege asmoari. Bestelako eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren alde agertu ziren  hautetsiak.