Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean, 19:30ean eta 22:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean. Aurreneko emanaldirako ez dago sarrerarik. Eszenatokian 140 musikari eta abeslari izanen dira Fran Idareta laguntzenMustutze handi baten bezperan gaude. Fran Idaretak sortu, moldatu eta ekoizturiko Taupadak ikuskizunaren mustutze bezperan. Irurtzungo akordeoilariak bere ideia gauzatzeko Haize Berriak bandarekin eta Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzekin elkarlanean ariko da, "euskararen jatorri mitologikoetan sakontzen duen ikuskizun musikala" eskaintzeko. Nazioartean ospea duten Gorka Hermosa (bandoneoia) , Garikoitz Mendizabal (txistua) eta Joaquin Taboada (pianoa) izanen dituzte lagun artista sakandarrek. Idaretak azaldu duenez, "entseguetan irrika eta zirrara giroa nabari da emanaldiak hurbildu ahala. Gogoa dago ederki egiteko eta gauzak aurrera eramateko". Entsegu eta entseguetatik kanpoko gaiek utzitako tarte batean Fran Idareta Beleixe Irratian (FM 107,3) izan zen. Azken hiru asteetan entseguetan disfrutatzen hasi direla aipatu du irurtzundarrak. "Entseguak oso politak dira. 140 luze pertsona entseatzen. Polita. Bikaina". Idaretak aitortu zuenez, ikuskizunak "merezi du. Asko. Gainera, ibarreko jendearendako da. Hemendik sortu den gauza da, gainera. Oso gauza bitxia. Gainera, nik nabari dut aspektu emozionalak garrantzi handia duela". Emanaldi bakoitzaren akaberan omenaldietarako tartea ere izanen da. Sorrerako ideiaIdaretak azaldu digunez, duela mende batzuetako eleberri egileen usteetan oinarritu da ikuskizuna gauzatzeko. Haien arabera euskararen jatorria Sakanan legoke. Irurtzundarrak Bibliako kontuak ekarri zituen gogora: "denboren hasieran izandako uholde izugarriak. Noeren kutxa Ararat mendian gelditu omen zen. Egile askok Aralar mendia izan zela uste izan zuten. Beraz, gizakien sorrera hemen hasiko zela uste izan da. Harrez geroztik, askok uste dute gizatasunaren jatorria hemen dagoela". Zientzialariek euskararen apologisten uste okerrak zuzendu zituztenn gerora, baina ikuskizuna sortzeko hazia izan da. Beleixe Irratian (FM 107,3) Idaretak aitortu zuenez, "sinesmen hori, horregatik mitologiaren kutsadura hori, oso polita iruditu zitzaidan eta hortik ikuskizuna hornitzea... Gehien bat nire sustraiekin lotzen zelako". Aitak halakoak esaten zizkiola gogoratu zuen, gaineratuz: "nire aitaren esaera horiek eta adierazpen horiek, ba azken batean, zentzua eta arrazoi izango ote du? Ezin diezaioket arrazoi guztia eman, baina bere saltsa bazuen". Akordeoilariak azaldu zuenez, "euskararen jatorria Sakanan zegoela, bitxikeria horretatik abiatuta beste zenbait gauza sortu ditugu. Esaterako, mitologian eta zenbait ipuin edo kondairetan barneratu gara. Musikaren bidez azaltzen ditugu". Sakanan dugun mitologia aberastasuna goraipatu zuen Idaretak.SortzeaDuela bizpahiru urte hasi zen ikuskizuna ontzen. Ikerketa, antolaketa, kudeaketa, konposizioa, moldaketa. "Hemen gaude. Asko kostata. Guztioi, gehien bat arduradunei esker: Inma Arroyo (Altsasuko abesbatzako zuzendaria), Alicia Armendariz (Etxarri Aranazko abesbatzako zuzendaria) eta Fermin Idareta (Irurtzungo abesbatzako zuzendaria)". Musika zuzendaritzaz arduratu den Luis Orduñarendako hitz onak besterik ez ditu: "harekin elkarrizketetan hasi nintzen eta Luis izan da, bada eta izanen da super-garrantzitsua. Luis gauzak lotu dituena izan da. Harremanak erraztu eta gauza horiek guztiak egin dituenak; izugarria da". Bandarendako ere hitz onak ditu: "Denetarik jotzen zuten. Horrek maila adierazten du. Sakana hain txikia izanik halako banda izatea..."Alberto Gonzalez moldatzailea asko lagundu erabakiak hartzen asko lagundu dituela adierazi zuen. "Zaila delako. Ordu eta erdiko emanaldia bakarrik entzunen da, baina honetan lanean zazpi hilabete daramatzagu. Jo eta ke. Ez dut uste atseden egunik izan dugunik". Egileak azaldu zuenez, "denbora pila da honen atzetik nenbilela. Gauza bat dela, bestea dela". Ekoizle batekin aritu zela eta halakoak merkatuen arautik kanpo daudenez ezinezkoak zirela egitea azaldu zuen. Artista gonbidatuak, Idaretaren begietanGorka Hermosa, une honetan, Euskal Herriko akordeoilari garrantzitsuenetakoa da; mundu mailan ari da. Ospe izugarria dauka nazioartean. Erreferentzia da eta laguna da. Horregatik bakarrik bere lekutxoa zuen. Garikoitz Mendizabal, historiak eman digun txistularirik hoberena dela uste dut dela. Ez dut inoiz hain adierazgarria den txistularirik ikusi. Zein ederki jotzen duen. Zaila da halako soinua ateratzea txistuari. Hasieratik prest zegoen. Joaquin Taboadaren ekimenetan zenbaitetan parte hartu izan dut. Oso musikari berezia da. Interneten duela zenbait urte deskarga gehien izan zituen konposizioak sortu zituen. Miloi bat deskarga izan zituen. Disko batzuk argitaratu ditu eta nik berarekin parte hartu izan dut. Nire asmoen berri eman nion eta nire aginduetara jarri zen.Euskara gidari"Zein da euskaldunon taupada? Zein da euskaldunon bihotza? Euskara. Hori da azken batean ikuskizunaren muina, zentzu sakona". Hala laburbildu du Idaretak. Ikuskizuneko gidaria, off-eko ahotsa, euskara izanen da, sortzailearen testuak emanez. Lamiak, Aralarko jeinuak... mitologia presente izanen da ikuskizunean, baina Sakanatik atera eta Nafarroako leku garrantzitsuenetatik pasako da ikuskizuna: Lantzetik, Iturendik, Orreagatik pasako gara. "Egia esan, oso leku garrantzitsuak dira guretako. Uste izan dugu euskarak hor taupada garrantzitsuenak eman dituela. Horregatik, aipagai izanen ditugu". Joateko arrazoiak ere zerrendatu zituen: "Sakandarren bihotzari buruz hitz eginen dugulako. Eta kantatuko dugulako. Sentituko dugulako. Hori da garrantzitsuena. Ikuskizun batera joan zaitezke. Baina ikuskizun hau oso berezia da. Sakandarrek egindako ikuskizuna, sakandarren sustraietan sartzeko, sakandarren bihotzean sartzeko eta hor sentitzeko. Nik ez dut halako ekimenik gogoratzen, zinez. Horregatik, bakarrik, joan beharko zinatekete". Euskara, bihotzaTaupadak, baliteke beste batek beste bihotz bati buruz ari garela ulertzea. Gure ikuskizunean euskarak garrantzi izugarria du. Zeren, berak, euskarak, gauza hauek guztiak bere hitzekin azalduko dizkigu. Garrantzitsuena dena da: euskalduna izateko garrantzitsuena dena euskara dela. Azken batean, ikuskizunaren muina euskara bera da.Argi eta garbi utzi nahi ditugun gauzak dira, esaterako: euskal taupada, beste taupadarik ez dago euskara ez bada. Horiek argi utzi nahi ditugu. Euskararen inguruan eta euskararendako delako ikuskizun hau. Programa 1. Ararat. Mari jainkosari deia (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 2. Bihotzean itsasargi (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 3. Lantz (Idareta / Mold. A. Gonzalez) Gorka Hermosarekin (badoneoia) 4. Axuri dantza (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 5. Orreaga (Idareta / Mold. A. Gonzalez) Joaquín Taboadarekin (pianoa) 6. Erro-uneak. Gloriosus sanctorum (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 7. Aitor (Idareta / Mold. A. Gonzalez) Garikoitz Mendizabalekin (txistua) 8. Mari (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 9. Aixita (Idareta / Mold. A. Gonzalez) 10. Lingua navarrorum (Idareta / Mold. A. Gonzalez)EmanaldiakLastailaren 19an, larunbatean, 19:30ean eta 22:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean. Lastailaren 26an, larunbatean, 19:30ean Etxarri Aranazko frontoian. Azaroaren 9an, larunbatean, 19:30ean Irurtzungo kiroldegian.