Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Europako Giza Eskubideen auzitegiak atzera bota du Espainiaren helegitea. Estrasburgoko epaitegiak ebatzi du 197/2006 edo Parot doktrina Ines del Rio presoari ezarri zaion moduan giza eskubideen kontrakoa dela, eta 2008tik legez kanpo dagoela preso. Epaileen iritziz doktrinak Europako Giza Eskubideen Ituneko 5. eta 7. artikuluekin talka egiten du eta presoa berehala libre utzi beharko du Espainiak. Estrasburgeko epaitegia joan den urteko garilaren 10ean eman zuen doktrinaren kontrako epaia eta orain Espainiaren helegitea atzera bota du. Del Rioren egoera berean beste 59 preso daude. Horien artean Jesus Mari Mendinueta Flores, Bautista Barandalla Iriarte eta Unai Parot Navarro. Gaurko epaiak haiei eragingo dien ikusteko dago. Arbizuarra 1991n espetxeratu zuten eta 2011ko maiatzak 4rako zuen irteera data. Doktrina aplikatuta espetxetik 2021ean aterako litzateke. Etxarriarra 1990ean espetxeratu zuten eta 2009ko garagarrilaren 30erako zuen irteera data. Doktrina ezarri eta 2020ra arte luzatu zioten zigorra. Bere gaixotasuna dela eta 2009an kaleratu zuten, kontrol neurriekin etxean dago. Azkenik, Parot 1990ean espetxeratu zuten eta doktrina irteera data zehaztu aurretik ezarri zioten. 197/2006 doktrina ezarri zioten aurreneko presoa izan zen Parot eta bere abizenarekin ere ezagutarazi zuten.AldaketaDoktrina 2006an ezarri zuen Espainiak 197/2006an oinarrituta. 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek, legez, gehienez 30 urte pasa zitzaketen ordura arte kartzelan. Zigor Kode berak ahalbidetzen zituen espetxe onurekin 30 urteko muga urteetan murriztu zitekeen espetxealdia. Hori 2006ra arte izan zen. Urte horretan Espainiako Auzitegi Gorenak aldatu egin zuen irizpidea: presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agin du zuen eta ez, ordura arte bezala, espetxea pasa beharreko gehienezko urte kopuruari. Aldaketa hori zigor irmoa zuten presoei ezarri zieten, aske gelditzeko eguna atzeratuz.