Altsasuk irabazi eta derbia Lagun Artea Brendako

Guaixe 2013ko urriaren 21a

Altsasuk jokoan zeuden hiru puntuak eskuratu zituen Errotxapearen kontra larunbatean Dantzalekun jokatutako partidan. Lehen zatiko 27. minutuan Berasategik Altsasuren aldeko gola sartu zuen eta ondoren Altsasuk abantaila hori mantentzen jakin zuen. Bigarren zatian jokoak behera egin zuen eta oso gol aukera gutxi ikusi ahal izan ziren. Orain arte Altsasuk ez du partidarik galdu eta beste 3 puntu zakuan pilatu zituen. Horrela, sailkapenean 5. postura igo da Altsasu. San Donato futbol zelaian jokatu zen Etxarri Aranatzen eta Lagun Artea B taldearen arteko derbia. Lehendabiziko minutuetan Etxarri izan zen jaun eta jabe eta tarte horretan iritsi zen Etxarriren gola. Baina hortik aurrera ezin izan zuten euren jokoa behar bezala gauzatu. Etxarriko erdilari baten akatsaren ondorioz Lagun Artea Bk berdintzea lortu zuen eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Lagun Artea Bkoek hiru kontraeraso bikainetan Etxarriko atean haztatzea lortu zuten eta Etxarrik ezin izan zuen ezer egin. Lagun Artea Bk 1-4 irabazita despeditu zen partida. Sailkapen orokorrean Beti Kozkor da liderra, 13 punturekin. Altsasu 5.a da sailkapenean, 11 punturekin. Lagun Artea B 12.a da, 5 punturekin eta Etxarri Aranatz 14.a, 4 punturekin.