Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo berrekin zioten Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 sumarioko epaiketari. HB, EH eta Batasunako kide izanda ETArekin kolaboratzea egotzi dieten 10 euskal herritarrek deklaratu zuten. Guztiek euren abokatuen galderei erantzun zieten eta ez fiskaltzak eta akusazio partikularra osatzen duten Dignidad y Justiciak eta AVTk egindakoei. Deklaratu zuten guztiek ukatu egin zituzten haien aurkako akusazioak. Haien artean zegoen Jaione Intxaurraga. Nafarroako herriko tabernen koordinatzailea izatea ukatu zuen. Bestalde, azaldu zuen 1999 eta 2002 urteen artean Euskal Herritarrok parlamentuko taldearen idazkari lana egin zuela eta, horrek, bilerak egiteko Hego Euskal Herrian batetik bestera mugitzea eskatzen ziola. Arbizuarrarendako 8 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Auzi berean dagoen Juan Kruz Aldasororendako eskaera 10 urtekoa da. 36 euskal herritar epaitzen hasi ziren baina atzo auzitik 2 akusatu baztertu zituzten. Defentsak argudiatu zuen haiei leporatzen zitzaien ustezko delitua preskribatua zegoela eta hala onartu zuen epaileak.