Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2009. urteaz geroztik ez dugu ezer berririk jakin Asterix eta Obelixi buruz, ez da liburu ofizialik argitaratu. Azkenekoak gainera ez ziren zaleen oso gustukoak izan. Baina hilabete honetan gertakizun bitxia izango dugu eta hau aldatzeko aukera dago.Jakingo duzuenez, Asterix eta Obelix, Albert Uderzo eta Rene Góscinny egileek sortu zituzten 60. hamarkadan. Euren lehenengo lanek arrakasta ikaragarria izan zuten eta gaur egun mundu osoan ezagunak dira bi Galiarrak eta baita beraien txakurtxoa. 100 hizkuntzetan irakur daiteke gaur egun Asterix eta Obelix, baita euskaraz ere.Goscinny 1977. urtean hil zen eta geroztik Uderzok bakar bakarrik Asterixen abentura gehiago argitaratu ditu, gidoiak ere berak sortuz. Gogoratu Goscinny izan zela gidoilaria aurretik eta Uderzok marrazkiak egiten zituela. Hala ere irakurlegoaren iritziz ez du inoiz Goscinnyrekin lortutako maila berdindu Uderzok bakarrik.Baina urriaren 24an Asterixen abentura berri bat argitaratuko da, eta oraingoan liburua arrakastatsua eta kalitatezko abentura izateko aukerak dituela uste da. Asterixen klasiko berri bat izango dela diote jakitunek, asko landu baita gidoia. Honen arrazoia Uderzok lehenengo aldiz beste profesionalen eskutan lan guztia utzi duela da. Lanaren pisua beren bizkarrean jaso duten marrazkigile eta gidoilaria Frantzian oso ezagunak diren Jean-Yves-Ferri (gidoilaria) eta Didier Conrad (marrazkigilea) izango dira.Didier Conrad "Fluide Glacial" aldizkarian egin zen famatua, Espainiako "El jueves" aldizkariaren antzeko argitalpena Frantzian. Jean-Yves-Ferri ordea, Manu Larcenet marrazkigilearekin egindako kolaborazioekin lortu du bere arrakasta nire ustez.Berez polemika ugari izan du hartutako erabaki honek, Uderzok aspaldi esan baitzuen Asterix berak bakarrik egingo zuela, ez zuela bera hil ondoren inork Asterix gehiago argitaratzerik nahi. Hau da, Hergek Tintinekin egin zuen bezala, ez zuen beste inork bera hil ondoren Asterixen abentura berriak idazterik nahi, momentu guztietan kontrola izateko Asterix eta Obelixen bizietan.Baina azkenean eta dirua bitartez egonda, ideia aldatu eta argitaletxeari baimena eman zion berak ezer egin gabe abentura gehiago ateratzeko, eta naiz eta oraindik bizirik egon, azkeneko abenturan Uderzok ez du parte hartu. Konturatzen bazarete, atea zabalik du argitaletxeak, Uderzo hil ondoren Asterixekin nahi duena egiteko.Liburu berriari buruz, ezer gutxi dakit oraindik. Gure heroiak Eskoziako antzinako biztanleekin izango dituztela abenturak, Piktoekin. Ia ziur liburu berri honek garai berri baten hasiera izango dela Asterix eta Obelixen abenturetan, zaleok beren abenturak ez zapuztea espero dugu.