Sakandarrek Madrilen deklaratu dute

Guaixe 2013ko urriaren 24a

Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 sumarioko epaiketako aste honetako azken saioa egin zen atzo. HB, EH eta Batasunako kide izanda ETArekin kolaboratzea egotzi dieten zazpi euskal herritarrek deklaratu zuten, haien artean Juan Kruz Aldasorok. Etxarriarrak adierazi zuen bere jarduera erabat politikoa izan zela. Herriko alkate zela intsumitu deklaratzeagatik kargurako ezgaitu zutela gogorarazi zuen. Epaitegiek halakorik eragozten zutenez, Batasunaren legez kanporatzearen ondoren ezer berreraikitzeko inolako asmorik ez zela izan adierazi zuen. Astelehenean Jaione Intxaurraga arbizuarrak deklaratu zuen eta Aldasororen modura, akusazioak ukatu egin zituen. Arbizuarrak Nafarroako herriko tabernen koordinatzailea izatea ukatu zuen. Bestalde, azaldu zuen 1999 eta 2002 urteen artean Euskal Herritarrok parlamentuko taldearen idazkari lana egin zuela eta, horrek, bilerak egiteko Hego Euskal Herrian batetik bestera mugitzea eskatzen ziola. Arbizuarrarendako 8 urteko espetxe zigorra eskatzen dute. Auzi berean dagoen Juan Kruz Aldasororendako eskaera 10 urtekoa da. 34 euskal herritar epaitzen ari dira, astelehenean auzitik 2 akusatu baztertu zituztelako.