3MBak berdintasuna eskatu dio Parlamentuari

Guaixe 2013ko urriaren 24a

Iruñeko Udalak ezetz esan zion Donapeako Lanbide Heziketako zentroaren lurrak OPUSeko Nafarroako Unibertsitateari saltzeko proposamenari eta Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala (UPrS) izendatu zuen proiektua, Iruñeko Udalaren iritziaren gainetik pasaz, baimen hori OPUSi emateko. Gaur, Nafarroako Parlamentuak aztertu behar du aipatu UPrSa indarrik gabe uzteko oposizioko alderdien proposamena. Hondakinen errausketaren kontrako Hiru Mugak Batera plataformak (3MB) Nafarroako Gobernuak Cementos Portland Valderrivasi hondakinak erraustea ahalbideratzen dion UPsSarekin berdina egin dezala eskatu dio Nafarroako Parlamentuari. Kasu honetan ere Olaragutiko Udala errausketaren kontra azaldu zen baina Nafarroako Gobernua bere gainetik pasa zen, UPrSa onartuz. "Ustez Foru Komunitatearen interes orokorra beharko litzatekeena multinazional baten interes ekonomikoak besterik ez dira, bere negozioa zementu-fabrikan hondakinak errausketa bidez kudeatuz dibertsifikatu nahi duena. Aldiz, herritarrek eta udalek defendatzen duten interesa herritarren osasuna da, errausketarekin herritarrek mota guztietako minbiziak harrapatzeko arriskua areagotzen baita" nabarmendu du 3MBk. Horrengatik, plataformak eskatu du parlamentariek aukera baliatu dezatela diskriminaziorik egiten ez duen lege bat egiteko, "horrela beste UPrS bidegabe bat aurrera egin ez dezan".