Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estrasburgoko epaiaren ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko epaileen ohiko bilera eginen dute bihar. Erabakiarekin aske geratu behar duten presoen kasuak aztertzen hasiko dute. Presoen abokatuek haiek aske gelditzeko eskaerak aurkeztuak dituzte dagoeneko. Auzitegiak banan-banan aztertuko du preso bakoitzaren eskaera. Ofizioz askatzeko aukera ez dirudi gauzatuko denik. ErreakzioakEtxerat-ek "poztasuna" adierazi zuen eta "zorionak eta eskerrak" eman euskal herritarrei 197/2006 doktrinaren kontra egindako lan guztiagatik. "Gatazkaren konponbidearen urratsetan ematen den aurrerapauso bat" izan dela adierazi du senideen elkarteak. Presoek hainbat eskubide urraketa jasaten dituztela eta haiek errespetatzeko euskal jendartea aktibatzeko deia egin zuen. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diezek presoen balizko kaleratzeen ondoren egin daitezkeen ongi etorrien gaztigatu zuen: "adi egonen gara ez dadin egon ez terrorismoaren goratzerik ez biktimekiko umiliaziorik". ETAk aita hil zion eta Nafarroako AVTko delegatu izandako Salvador Ulaiarrek esan zuen epaiaren berri izan ondoren estatua ETAren aurrean belaunikatu dela. Eta gaineratu zuen politikoak ez zirela doktrina Estrasburgon defendatzeaz arduratu. 1973ko Zigor Kodea 1995era arte aldatu ez izanagatik ere kexu azaldu zen.