Goi tentsioko linearen kontrako marea gorria osatzeko deia

Guaixe 2013ko urriaren 25a

Autopista Elektrikorik Ez plataformak antolatu du etziko eguna eta Red Electrica Españolak (REE) egin nahi duen 400 kV-ko argindar lineari aurkakotasuna adierazteko balio nahi du. Proiektuak justifikaziorik ez duela adierazi du beste behin. Plataformatik gogora ekarri dute egitasmoak ikututako toki erakundeen oposizioa duela. Gogora ekarri dute ere garilean proiektuari 14.000 alegazio aurkeztu zizkiotela udalek, kontzejuek, erakundeek eta herritarrek, "inoiz proiektu bati aurkeztutako kopuru handiena". Toki erakundeen alegazioei erantzunez REEk hilabete honetan emandako erantzunean "modu desegokian orain arte jaso gabeko justifikazioak ematen ditu, esaterako, nazioarteko lotura". Erantzunak Nafarroako Gobernuaren argudio "eskasak eta faltsuak errotik desegin ditu". Foru administrazioak toki erakundeen borondateari bizkarra eman diola eta enpresaren alde jarri dela berretsi du plataformak. Igandean Ororbiara plataformaren kamiseta gorria jantzita joateko deia egin dute, marea gorria irudikatu ahal izateko. Horretaz aparte, Geroa lurretik hasi leloa hartuta, Lurkide kanpaina aurkeztuko da. Argindar lineako dorreak jarriko diren tokiak babestea. Egitaraua Garai bateko autoekin Zendean zehar ibilbidea.12:00etan Zanpantzarrak eta batukada kaleetan barna. 12:00etatik 13:00etara Herri kirolak (Ibero), erraldoiak, Ziraukiko banda. 13:00etan Ekitaldi nagusia eta marea gorria (kamiseta gorriarekin etorri).13:30etik 15:00etara Ororbiako, Goierriko eta Zizur-Barañaingo txalapartariak, Gareseko txistulariak, DJ Simpatik.15:00etan Herri bazkaria frontoian (kalderete) bertsolariekin.17:00etan Bideo emanaldia eta Lurkide kanpainaren aurkezpena. 18.00etan Iparfolkekin taldearen kontzertua. Egun guztian zehar txoznak, artisauak, puzgarriak, umeendako jolas tailerrak, musika kalean...