Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuk primerako hasiera eman dio Erregional Mailako ligari. Berriozarren ofizio askorekin jokatu zuten altsasuarrek eta 0-2 gailendu ziren. Dariok sartu zuen Altsasuren lehen gola 24. minutuan. Bigarren zatian Berriozarrek gol aukerak izan zituen, baina ez zituen behar bezala aprobetxatu eta partida bukatzeko minutu baten faltan Joelek altsasuarren bigarren gola sartu zuen. Sailkapenean 4.a da orain Altsasu, Beti Kozkor liderrarengatik 2 puntu eskasera. Larunbatean Lakuntzan jokatutako partidan Lagun Artea B-k eta Doneztebek bana berdindu zuten. Lehen zatian gol aukera argiak izan zituen Lagun Artea B-k, baina ez zituen behar bezala gauzatu. Lagun Artea aurreratu zen, baina Doneztebek berdintzea lortu zuen, eta nahiz eta partida bukaerara arte gol aukerek segitu eta garaipena eskutan izan, berdinketarekin konformatu behar izan zuen Lagun Artea B-k. Eta, bukatzeko, Etxarri Aranatzek etxean 1-2 galdu zuen Amayaren kontra. Ongi jokatu zuen Etxarrik, eta gol aukerak izan zituzten, baina ez zituzten gauzatu. Amayak sartu zuen lehen gola eta Etxarrik berdintzea lortu zuen 80. minutuan, baina, tamalez, bi minutu beranduago garaipenaren gola sartu zuen Amayak. Erregional mailako 4. multzoko liderra Beti Kozkor da (16 puntu). Altsasu 4. postura igo da (14 puntu), Lagun Artea B 12.a da (6 puntu) eta Etxarri Aranatz 14.a (4 puntu).