Baso-igel jauzkariarendako 26 etxe berri

Uda akaberan makinak Sakanako sei herrietako basoan sartu ziren. Lehendik ur tokiak ziren inguruak baltsa bihurtu zituzten. Lan horiekin Sakanan dauden hezeguneen dibertsitatea handitu nahi da. Horrela, gune heze horietako espezieen habitaten arteko lotura hobetu nahi da eta, bide batez, espezieenak. Lan horiek egiterakoan bereziki baso-igel jauzkari (Rana dalmantina) izan dute buruan. Baina beste anfibio espezie batzuk ere onuradun izanen dira: baso-igel gorri (Rana temporaria), zuhaitz-igel arrunt (Hyla arborea), ur-igel arrunt (Rana ridibunda), uhandre palmatu (Triturus helveticus) edo zapoa (Alytes obstetricans). Zenbait mariorratz eta txitxi-burruntzi espezietarako intereseko ur tokiak ere izanen dira. Gainera, hainbat saguzar espezierendako elikagai guneak izan daitezke. Gainera, ihia edo txunka, menda eta heze-gunetara egokitutako landareak garatzeko balioko du. ZergatiaNafarroan Ultzaman, Iruñerrian eta Sakanan besterik ez daude igel espezie horren populazioak. Hori dela eta, Nafarroan Mehatxatutako Espezieen katalogoan dago baso-igel jauzkaria; bere habitataren aldaketara sentibera den espezietzat jotzen da. Europako IV. Habitat zuzentaraua babes zorrotza behar duen espezieen artean sailkatu du. Sortu diren putzu edo baltsa horiekin, beraz, Sakanan baso-igel jauzkariaren ugalketa espazio potentzialak handitu nahi dira. Emaitzak izaten diren jakiteko aldika laginketa eginen da. Azken urteetan hiru eskualdeetan ur puntu berriak sortu dira. Baita Sakanan ere, Arbizun eta Altsasun: Sandindeikotik bi km-ra egin zen baltsan eta Siets-ko baltsan baso-igel jauzkaria ugaltzen ari direla egiaztatu dute teknikariek.  Finantzazioa  Lanak La Caixaren gizarte ekintzak finantzatu ditu erakundeak Nafarroako Gobernuarekin duen urtero berritzen den hitzarmenaren bidez. 26 baltsak egiteko aurrekontua 55.838,83 eurokoa izan da (BEZ barne). Lanaren erredakzioa eta zuzendaritza teknikoa Gestión Ambiental de Navarra enpresaren ardura izan da. Proiektua egiterakoan Alberto Gosá adituaren laguntza izan dute. Gosá da Nafarroan aipatu igelaren jarraipenaz arduratzen dena. Lanak, azkenik, Aspacek egin ditu.NonArakil eta Altsasu bitartean baltsak non egin aztertu bada ere, azkenik sei herrietan egin dira: Lakuntzan 5, Arbizun 5, Etxarri Aranatzen 6, Bakaikun 1, Iturmendin 5 eta Urdiain 4.