Bihar hilerrietako urteroko bisita

Guaixe 2013ko urriaren 31

Egunotan ezohiko mugimendua egon da hilerrietan. Biharko eguna prestatzeko asko eta asko izan dira garbiketako tresnekin joan direnak kanpo santuetara. Hilobiak, hilarriak, panteoiak, nitxoak, kolunbarioak eta beste garbi eta txukun utzi dituzte. Lore zimelduak kendu eta lore freskoak jarri. Kolorez beteko dira hilerriak. Izan ere bihar, joan zaizkigunei bisita egiteko eguna da, Domu Santu eguna. Kanpo santuetan jendearen joan-etorri handia espero da. Batzuk erositako loreak eramanen dituzte, baratzean egunerako propio landatutakoak besteak. Jakina, egunari lotuta elizkizunak izango dira gure herrietan. Badago, hala ere, egun honi kritika egiten dionik. "Urte gehienean ia ahaztuta egon ondoren, badirudi soilik egun honetan gogoratzen garela hilerria txukuntzearekin" diote batzuk. Beste askori, egun horretarako loreak erostearekin egiten den gastua gehiegizkoa iruditzen zaie. Aldiz, egunotan hilerriak bisitatzen dituzten askori polita iruditzen zaie hilerria lorez beteta eta txukun egotea. Gustu guztitako iritziak.