Patata Operazioa igandean

Guaixe 2013ko urriaren 31

Alegria de Iruña peñako kideak igandean Sakanako makina bat herri pasako dituzte. Patata Operazioaren 51. edizioa izanen da. Iruindarrek haien ibilgailuen bozinak joz iragarriko dute herrian dela Patata Operazioa. Aski izanen da hori berriro ere sakandarrek eskuzabaltasuna agerian uzteko. Peñako kideek patatekin batera, alubiak, kalabazak eta beste jakiak bilduko dituzte. Guztiak Hermanitas de los Pobres etxeari emanen dizkiote. Bilketa 9:30 aldera hasiko dute Iturmendin. Handik Urdiainera joko dute. Bakaiku eta Etxarri Aranatz izanen dira hurrengo geltokiak. Iruindarrak Etxarrin gosaldu ondoren lanari ekinen diote eta Satrustegi bitartean herriz herri, urteroko bisita eginen dute. Garai batean Alegria de Iruñako kideek bi ibilbide egiten zituzten patatak biltzeko: Sakanakoa eta Artzibar eta Erroibarkoa. Azken hori egiten zutenak adinagatik utzi dute eta ez zen erreleborik izan eta Sakanako ibilbideari eusten diote bakarrik.