Egurrezko egiturak

Guaixe 2013ko azaroaren 8a

Betiko arian jarraitzeagatik, gaurkoan ere, beti buruan ditudan egurrezko egituretaz hitz egingo dut. Beste batzuetan esan dudan bezala, egurrezko egiturak oso nabarmenak izan dira gure gizartean orain dela gutxi arte. Gero hormigoiaren sorrerarekin gure eraikuntzetatik baztertuak izan dira.Dirudienez, egurra gehiago industrializatu denetik, pixkanaka gure gizartera itzultzen ari da aukera anitz emanez. Izan ere, lehen egur egiturak zuhaitzen neurrietara mugatuak zeuden, baina gaur egun 40 m baino handiagoko elementuak egin daitezke egur laminatu kolatu sistema dela eta. Gaur Sakanan gauzatu dugun adibide bat azaldu nahiko nuke. Hau Arbizuko Alain Berastegi bere kabuz eraikitzen ari den borda izango litzateke. Bere garaian Alainek, nire anaia Pellori eta niri, egurrezko borda bat egiteko asmoa zuela esan zigun eta horren egitura diseinatzeko enkargua egin zigun.Plantan 25x15 m-ko neurria izan beharko zuen borda bat zen. Zabaleran 15 m-ko distantzia bat gainditzeko, egur laminatuz eginiko portiko sistema batera jo genuen. Portiko nagusiak sekzio aldakorra duten elementuez egitea  proposatu genuen eta hauen lotura garrantzitsuenak tornilozko koroekin osatu genituen. Oinarri guztiak hormigoizko hanka batzuen gainean egitea ezinbestekoa ikusi genuen, ahal den heinean egurra uraren kontaktu jarraietik urruntzeko. Gainontzeko egitura, sistema konbentzionalago batekin diseinatu genuen.Nahiz eta eraikin hau bukatu gabe egon, argazkian ikus daitekeen moduan, emaitza ezin hobea izango delakoan nago.Pozgarria iruditzen zait Sakanan horrelako eraikinak  ugaritzen ari direla ikustea. Ea horrelako adibideak ikusita, aukera gehiago ematen dizkiogun beti gertu izan dugun material ekologiko honi.Andoni Igoa. Arkitektoa.