Musikari sakandarrak Amerikan

Guaixe 2013ko azaroaren 6a

Gaur abiatuko da Argentinara Gozategi. Iñigo eta Imanol Goikoetxearen taldeak bere 7. diskoa, 1992-2012 All Stars, aurkeztuko du. Bi emanaldi izanen dira Kordobako Villa Maria udal anfiteatroan. Argentinako Euskal Astea eta Euskal Etxeen festa aurten Kordoba hiriak hartzen du eta antolatzaileek Gozategikoak gonbidatu dituzte festa alaitzeko. Duela bi urte ere gonbitea jaso zuten, baina arazo batzuk tarteko ezin izan zuten joan. Orain, beraz, "ilusioz betetako zakuak daramatzagu bizkarrean". Ostiralean eta larunbatean emanen dituzte kontzertuak. Egonaldia gehiago luzatuko dute. Atzo, Gaur Eta Bihar diskoa aurkezteko bira Hego Amerikara eraman ditu Vendetako musikariak. Pello Reparazen (tronboia eta ahotsa) eta Luisillo Kalandrakaren (baxua, kontrabaxua eta ahotsa) taldearen ibilbide amerikarra lastailaren 30ean hasi zen Liman (Peru). Hurrengo egunean Txilera aldatu ziren eta herrialde hartan lau emanaldi eman zituzten: hiru Santiagon eta beste bat Concepcionen.Gaur Montevideon, Uruguaiko hiriburuan ariko dira. Bihar Argentinara lekualdatu dira eta hiru emanaldi eskainiko dituzte, aurreneko biak Buenos Airesen eta azkena Rosarion.