Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haizea ilobari eskainitako album ilustrazioarekin sormenari bide berria ireki dio Iker Uribek (www.ikneuk.com). Muralak egiten aritua, ilustrazioa ikasten ari da lakuntzarra egun. Beleixe Irratian (FM 107,3) Uribek aitortu du beti idatzi izan duela, langintza horretan oso konstantea ez dela izan aitortzearekin batera. "Istorioak sortzea asko gustatzen zait. Oso gustuko dut bai hitzez bai irudiz istorioak sortzea. Eta espero dut hor segitzea".Ilobak oheratzerakoan ipuinak kontatzen zizkiela azaldu du sortzaileak. "Burua askatzen nuen. Egia esan oso fantasiosoa naiz eta fantasia hutsezko ipuinak ateratzen zitzaizkidan". Bat baino gehiago idatzi zituen. "Hau ez dakit zergatik aukeratu nuen Etxepare sarira aurkezteko". Ez zuen saririk irabazi, eta ez zuen editatzeko asmorik. Baina uda ondoren ordenagailuan zuen lan hura eskuartean izatea eta zabaltzea merezi zuela pentsatu zuen Uribek. "Auto-editatzea erabaki nuen. Nahikoa arrakasta izaten ari da. Eskuz esku ale batzuk saldu ditut, 10 eurotan. Gehiago eginen ditut". Lanarekin pozik gelditu da lakuntzarra.Ipuina Uribek berak idatzi eta ilustratu duen aurreneko albumean Maddi eta bere aitona Beppo dira protagonistak. "Haien mundu partikularra eta fantasiazkoa da, askorako eman dezakeena". Sortzaileak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu duenez, "Beppo oso zaharra izan arren, beti dago lanean, gauzak asmatu nahi ditu. Ongi pasatu nahi du. Eta fantasia asko erabiltzen du. Maddi, berriz, aitonaren mundu hori erabat disfrutatuz bizi du, zoragarri. Aske sentitzen da".Haiekin batera, Troski txerritxoa eta Lur untxia dira protagonistak. "Bizikleta izan daiteke istorioa dinamizatzen duena. Azken batean, bizitza ibiltzea eta gauzak egitea da. Txirringak horretarako aukera ematen digu".Lauren ibileren berri emateko teknika mistoa erabili du Uribek: koloretako arkatza eta ordenagailua. "Collagearekin jolastu nahi nuen pixka bat. Gauza berriak probatu". Horretarako, besteak beste, egunkari zatiak erabili ditu. "Batzuk aukeratuak dira, eta besteak ez, denboraz oso justu ibili nintzelako. Nik bakarrik dakizkit, baina ipuinaren barruan istorio gehiago daude".Aurrera begiraUribek ipuinak eta helduendako istorioak sortzen segitu nahi du. Komikia ere landu nahi du. "Poliki-poliki hasi naiz orain serioago jartzen". Hala ere, Beleixe Irratian (FM 107,3) adierazi du umeendako sortzea errazagoa dela. "Askotan helduok ditugun pentsamendu eta buruko hesiak oztopo bezala ikusten ditut". Ipuin bat idatzi zuen eta ikaskide batek ilustratu zuen. "Ez dakit zer eginen dugun ipuin horrekin. Pixka bat zabaltzea gustatuko litzaidake".