Mariñelarena ezin izan zen Chesten aritu

Guaixe 2013ko azaroaren 11

Valentziako Chesteko Ricardo Tormo zirkuituak erabaki zuen, asteburuan, Munduko Motoziklismo Txapelketa. Moto GP mailan 20 urteko Marc Marquezek irabazi zuen mundiala, Moto 2an Pol Espargarók eta Moto 3an Maverick Viñalesek, hirurak pilotu katalanak.  Moto 2an Chesteko lasterketan azken ordura arte lehiatzeko esperantzak zituen Alex Mariñelarenak (Blusens Avintia, Kalex), baina ezinezkoa izan da. Jakina denez, Japoniako Sari Nagusian erorikoa izan eta gero, ezker eskumuturra 4 tokitan hautsi zitzaion irurtzundarrari, eta urriaren 31n ebakuntza egin zioten. Ostiralean Chesten entrenamendu libretan aritu zen baina taldeak argi ikusi zuen pilotua ez zegoela, inondik inora, %100ean. "Oraindik ez dut indarra eskuan eta ezin izango nuen bospasei buelta baino gehiago agoantatu. Horretatik, nire segurtasunagatik batez ere, Chesten parte ez hartzea erabaki genuen" adierazi du pilotu irurtzundarrak. Izan ere, Chestekoa lasterketa luzea zen, 27 itzulikoa, eta lesioarengatik pilotuak oraindik ez du motorra ongi kontrolatzen balaztatzetan. "Nahiago izan dugu gehiago ez arriskatzea eta ongi errekuperatzea, urtea ahal den hoberen bukatzeko eta aurredenboraldian ongi egoteko" nabarmendu zuen. Pilotuak gehitu zuen "tristea dela, zaleak ikusita bihotzak motorra hartzera bulkatzen dizulako, baina egoera hauetan ezin da pistara sartu". Igandean Espainiako Abiadura TxapelketaIrurtzungoa hurrengo denboraldian Munduko Motoziklismo Txapelketan ariko da, Tech 3 eskuderia frantziarrarekin. Yamaha eskuderia ofizialeko talde satelitea da, hurbilekoa. Moto 2an lehiatuko da. Danny Kent pilotua ordezkatuko du eta Marcel Schrotter pilotu alemaniarra izango du taldekide. Baina irurtzundarrak oraindik ez du aurtengo denboraldia bukatu. Espainiako Abiadura Txapelketan aritzen da Targobank Motorport taldearekin eta aipatu txapelketa despeditzeko azken bi probak falta dira. Igandean, azaroaren 17an, Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan jokatuko da azkenaurreko lasterketa eta azaroaren 24an, Jerezen, azken proba. Egun bigarrena da Mariñelarena (122 puntu) eta Roman Ramos liderrarekin (146 puntu) duen aldea laburtzea izango da bere lana. "Astebururako datorrenari erantzuteko topera egoten saiatuko naiz!" gaineratu du. Ostiralean entrenamendu libreak eginen dira, larunbatean entrenamendu ofizialak (Moto 2an 9:00etan eta 13:05ean) eta igandean lasterketak (Moto 2an 13:00etan). Mariñelarenak 19 itzuli eman beharko dizkio zirkuituari. Ez dago bere onenean, baina gauzak zail jarri nahiko dizkio Roman Ramos liderrari.