Sakanako kirol begiraleendako ikastaroan oraindik izena eman daiteke

Guaixe 2013ko azaroaren 14a

Sakanako Mankomunitateak kirol begiraleendako ikastaroa antolatu du. Helburua kirol jardueretan euskararen erabilera sustatzea da, eta talde berean ikasle euskaldunak eta erdaldunak daudenean nola jokatu jakitea. Ikastaroa Ttakun Kultur Elkarteak eskainiko du. Hasiera batean bi talde antolatzea zen asmoa, baina talde bakarra sortu da, astearteetakoa. Horrela, azaroaren 19an eta 26an eskainiko da ikastaroa, 11:00etatik 13:00etara, Lakuntzako udaletxean. Mank-etik adierazi digute oraindik ere ikastaroan tokia badagoela eta interesatuek lasai asko deitu ahal dutela Mank-eko Euskara Zerbitzura izena emateko (948 464 840 edo euskara@sakana-mank.com). Bereziki kirol begiraleei zuzenduta dago baina gainerako begiraleek - aisialdikoek, jantokikoek, autobusekoek... - parte har dezakete.