Nazabal, Nafarroakoa janzteko faboritoa

Guaixe 2013ko azaroaren 15a

Etxarri Aranazko ferietan jokatu zen Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa. 9 aizkolari lehiatu ziren eta lehen bostek lortu zuten gaur Donezteben, 17:30ean jokatuko den final handirako txartela: Floren Nazabalek (13:30), Juanjo Lopez Azpilikuetak (14:25), Jon Rekondok (14:35), Ruben Saralegik (15:14) eta Antonio Senosiainek (17:03). Aipatu bost aizkolariek ondoko lana egin beharko dute final handian: 4 kanerdiko 4 60 ontzako eta 2 oinbiko erdibitu.Azken orduko ezusterik gertatzen ez bada, Floren Nazabal txapela janzteko faborito nagusia da. Sasoi betean dabil etxarriarra eta jokatzen ari den guztia irabazten ari da. Berriki alde handiz irabazi zuen Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako kopa, eta Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetako kanporaketetan ere gainontzeko aizkolari guztien gainetik ibili zen. Osasunak errespetatzen badu, bera ibiliko da aurretik.  Nafarroako 7 txapela ditu etxarriarrak eta zortzigarrena janzteko dena emango du gaur Nazabalek. Ea horrela den. Zorte onena opa diogu gure txapeldunari.