Sakanako Udalek eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzutako Mankomunitatean dauden Betelu, Lekunberri, Araitz, Larraun, Imotz eta Iza ibarrek egin dute eskaera. Guztien izenean Ainara Aiestaran Uharte Arakilgo zinegotziak salatu du azken hiru urteetan, aurten bereziki, Babestutako Gizarte Enplegurako (BGE) Ongizate Departamentuaren diru saila murriztu egin dela, "%85 gutxi gorabehera". Guztiek ere, Nafarroako Gobernuaren utzikeria salatu dute, "udalei ez dagozkigun karga ekonomikoak gure gain hartzera behartzen gaituelako". Historikoki egin duen moduan, Nafarroako Gobernuak BGE aurrekontuetan kontuan izan dezala eskatu zuten. Aiestaranek gogora ekarri du aurten Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateek hainbat mobilizazio egin dituztela. Horretaz aparte, Nafarroako Gobernuari BGEri eragiten dion 6E/2013 Foru Agindua aldatzeko eskatu zioten. Sakanako hiru mankomunitateetan kexu dira arauan dagoen mugarekin: 1000 biztanleko lurralde-esparruak kontuan izanda, 3 hilabeteko kontratazioa baimentzen du bakarrik". Agerraldian adierazi denez, "irizpide horrek bereziki kaltetzen ditu Nafarroako landa eremuak. Izan ere, aurten lehenbiziko aldiz hartu da kontuan biztanle-kopurua diru-laguntza banatzeko irizpide gisa. Ez da hainbeste baloratu eskualdeek dituzten beharrak edota proiektuak egindako ibilbidea". Babestutako Gizarte Enplegua & Zuzeneko Enplegu AktiboaHiru aukera eskaintzen dizkio BGEk pertsonari: lanean aritzea, bere burua prestatzea eta prozesu horretan teknikarien laguntza izatea. Nafarroako Gobernuak, berriz, aurten Zuzeneko Enplegu Aktiboko kontratazioak bultzatu ditu. "Lan bat egiteko aukera eskaintzen du bakarrik. Eta soilik Gizarteratzeko Errenta jasotzen duten pertsonek parte hartu dezakete. Hau da, pertsona batzuk horietatik kanpo gelditzen dira ". Hori guztia BGEren kalterako dela adierazi dute udal ordezkariek. "Pertsona bati aldatzeko aukera eskaini nahi badiogu, laguntza eta prestakuntza ezinbestekoak dira, eskaintzen duguna izan ez dadin". "Agerraldian agertu diren udal hautetsi eta teknikariek nabarmendu dute BGEren aldeko apustua egin dutela eta ibilbide luzea duela eskualdean: "gure auzotarrendako lan munduan sartzeko aukera handia delako. Apustu honek ahalegin ekonomiko handia eskatu digu udalei. Bermatu ez den arren, gure bailarako herritar askok erabili dute".%13Etxarri Aranatz aldeko Gizarte zerbitzuen Mankomunitateak Nafarroako Gobernuari eskatu dion dirulaguntzaren ehuneko hori besterik ez du jaso (120 hilabeterako kontratuak eskatu ziren eta gobernuak 20 eman zituen). %16 Irurtzungoak (180tik 25; mankomunitateen ekarpenarekin 33,2 izan dira) eta eskatutakoaren %20, berriz, Altsasukoak (144tik 29; 38,1). Joan den urtera arte Irurtzun aldeko Mankomunitatea BGE Nafarroako 10 proiektu handienen artean zegoen. 2012an 7.a zen. Baldintza berriekin 38tik 22.a da.