Barcinak Sakana aipatu zuen UPNren egunean

Guaixe 2013ko azaroaren 25a

UPNk atzo alderdiaren eguna ospatu zuen Azkoienen. Mila afiliatu eta jarraitzaile inguru bildu ziren ekitaldian. Yolanda Barcina Angulo alderdi buruak Nafarroako ekonomia eta politika egoera izan zituen hizpide. Horretaz aparte, Guardia Zibilak D ereduko 1600 irakasleren pentsaeraren inguruan egindako ikerketa ere hizpide izan zuen. Funtzio publikoaren eta zigor kodea aldatzeko proposamenak eginen dituztela azaldu zuen, "terrorismo ekintzak egin dituztenak" ikastetxeetan eskolarik ez emateko. Horren harira Barcinak adierazi zuen: "euskararen kontra aritzea leporatuko digute, zeinek eta euskal hizkuntza euren interes politikoen alde manipulatuz min gehien egiten diotenek. Bildu eta hura adoretzen dutenak dira euskararen etsairik handienak". Barcinak adierazi zuenez, Bilduk enplegua suntsitzea, langabezia gehiago eta hizkuntza arrazoiengatik ikasleak bereiztea proposatzen du. "Sakanan gertatzen dena ikustea besterik ez dago", gaineratu zuen Barcinak.