Andra Mari ikastolaren iragana eta geroaren arteko lokarria

Guaixe 2013ko azaroaren 25a

Erkuden Ruiz BarrosoDuela 44 urte Etxarri Aranazko lau "zorok" haien seme-alabendako euskarazko hezkuntza nahi izan zuten eta proposamen hori Andra Mari ikastolan gorpuztu zen. Larunbatean ikastola berriaren lehenengo harria jarri zuten. "Kutxa hau etorkizunaren hazia da". Kutxan eguneko egunkariak eta ikasleek egindako hainbat lan sartu zituzten, etorkizunean ikastolaren ibilbidearen lekuko izateko. Pedro Lizarraga ikastolaren sortzaileetako batek, Olaitz San Martin eta Ekhi Errazkin bi eta bost urteko ikasleek lurperatu zuten kutxa. Ikastola berria 2014-2015 ikasturtean mustu nahi dute. "Harri honek lurpera eraman dezala orain arteko ibilbidearen lekukotza eta lurpetik zain dezala ikastolaren geroa". Igor Artieda Andra Mari ikastolako Guraso Elkarteko presidenteak ikastola berriaren lehenengo harria "etorkizunaren hazia" dela adierazi zuen. Lau hamarkadetan gorpuztutako "hazia" da "auzolanarena, konpromisoarena, elkartasunarena, euskal nortasunarena, euskararena eta ama-lurrarena". Irakasleak, ikasleak, gurasoak, herria eta udalak ikastola aurrera eramateko ezinbesteko "zangoak" direla gaineratu zuen Artiedak. Hortaz, gobernuaren gabeziak herriak bete dituela esan zuen, baita inguruko udalak ere. Joxi Bakaikoak Etxarri Aranazko alkateak ikastolaren ibilbidean hainbat erronka gainditu behar izan dituztela gogoratu zuen. Baina ilusioarekin, alaitasunez eta konfiantzarekin aurrera jarraitu dutela gaineratu zuen. Haur eta Lehen HezkuntzaLarunbatean ikastola berriaren lehenengo fasearen harria jarri zuten. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza hartuko duen eraikina Utzubar Txikin egongo da eta 7.000 metro koadroko azalera izango du. Beheko solairuan 3 eta 6 urte bitarteko umeentzako sei gela egongo dira, eta bigarren eta hirugarren solairuan lehen hezkuntzako hamabi gela. Eraikinak soinketa gela, gune estalia eta jantokia izango ditu, baita kirol pista eta espazio berdea ere. Administrazioa eta zuzendaritza eraikinaren alde batean egongo dira. Aurrekontua 2.600.000 eurokoa da eta obrak Obenasak egingo ditu. Bigarren fasean DBHko eraikina egingo dute. Orduraino DBHko ikasleek Maisuen etxean eraikinean jarraituko dute. Azken fase batean Batxilergoko edo Lanbide Heziketarako eraikina egitea aurreikusi dute.