Ikasleek sexu-indarkeria gaitzetsi dute

Guaixe 2013ko azaroaren 25a

Emakumeen aurkako indarkeriaren ezabapenerako nazioarteko egunaren kontura egindako ekitaldian izan daAurten estatuan euren bikotekideak edo bikote kide ohiak eraildako 45 emakumeen izenak eta adina esanez bukatu dute ikasleek sexu-indarkeria gaitzesteko adierazpenaren irakurketa. Aralarko Mikel Donea institutua, Iñigo Aritza ikastola eta Sagrado Corazon ikastetxeko DBHko 4. mailako ikasleak eta Lanbide Heziketakoak parte hartu dute ekitaldian; 250 bat. Guztiek adierazi dute ez dutela sexu-indarkeriaren agerpen mota bat bera ere onartzen. Aldi berean, indarkeria jaso edo erailak izan diren emakumeenganako elkartasuna aitortu dute. AdierazpenaIkasleek, hasteko eta behin, ohartarazi dute "Nazio Batuen Erakundeak esanetan sexu-indarkeria giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen urraketarik larrienetako bat" dela. Eta azaldu dute ez dela berdinen arteko gatazka bat, ezta emakumeen arazoa soilik, jendarte guztiarena" baizik. "Indarkeria honen jatorria jendartean errotuta dago. Hau da, gure antolakuntza sistema patriarkalean errotuta". Ikasleek adierazi dutenez, "jendartearen arlo guztietan gauzatzen da genero berdintasun eza eta diskriminazioa, baita eta adin, kultura eta herrialde guztietan gertatzea ere". Emakumeak emakume izate hutsagatik pairatzen duten indarkeria salatu dute: kalte fisiko, sexual, psikologiko nahiz ekonomikoak ekartzen edo ekar dezakeena, baita mehatxuak eta derrigortzeak edo emakumeen askatasunaren murrizketak ere.Ikasleendako argi dago sexu-indarkeria ez dela iraganeko gaitza. "Emakumeen aurkako indarkeriak hamaika aurpegi ditu, eta den-denak, gaur egun ere indarrean dirauen berdintasun-ezaren isla dira". Horren kontra hezkidetzan oinarritutako hezkuntza sistema aldarrikatu dute. Bildutakoek "emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren aldeko apustua egiten dugu, parekidetasunean, baliokidetasunean, elkarrenganako errespetuan eta tratu onetan oinarritutako harremanak sustatuz".DatuakOsasunaren Mundu Erakundeak "emakumeenganako indarkeria mundu guztian arazoa da, epidemia gisako proportzioak dituena". Ikasleek azaldu dutenez, munduan 15 urtetik gorako emakumeen %35ak (920 milioi emakume) pairatu du noizbait bere bikotekidearen indarkeria fisikoa edo bikotekidea ez den norbaitek eragindako sexu-erasoa.Espainiako gazteriari buruzko azken azterlanak (2012. urtekoa) adierazten du behar izanez gero ia gazteen laurdenak uste duela emakumea dela etxean geratu behar dena adingabeak zaintzen. Ikasleek ziurtatu dutenez, "gazteen artean oraindik ikuspegi sexistak daude genero-rolen inguruan eta hauek indarkeriaren haziak dira". Eta gaineratu dute indarkeria sexista mota berriak (ziber-jazarpena edo sexting) sortzen ari direla. Joan zen urtean estatuan sexu-indarkeria dela medio eraildako 52 emakumeetatik 15ek 30 urte baino gutxiago zuten.18 urte baino gazteagoen sexu-delituak %33ko igoera izan dute aurreko urtearekin alderatuta. Nafarroan, 2012an indarkeria matxistagatik aurkeztutako 3 salaketatik 1 emakume gazte batena zen.Altsasuko Udalak, Emakumeen Bilgunearen eta Kultura zerbitzuaren bitartez antolatu da adierazpena. Horren ondoren, Iortia kultur gunean La bicicleta verde filma ikusteko aukera izan dute. Saudi Arabian bizikleta bat eskuratzen duen neska baten istorioa.