Egun hauetan Rafael Carasatorreren Barranca Burunda liburua irakurtzen ari naiz, beti bezala, atsegin handiz. Izan ere, 1993an argitaratu bazen ere, ez du gaurkotasunik galdu eta, liburu-dendetan deskatalogaturik ez badago, erostea gomendatzen dizuet.Adibidez, liburuaren atal batean Arakilgo despopulaturiko herriei buruz hitz egiten da eta beste batean Sakanako herri guztien oikonimia (etxeen izenak) eta toponimia jasotzen da; baina lan erraldoi honetan gehien nabarmentzen den atala hiztegiarena da. Hitzak, esapideak... gai asko biltzen dira liburu honetara; adibidez, tartagileen hiztegia ("aie" esnez, irinaz eta azukreaz egindako ahia da, "aparra" esnearen mamia, "artopila"), sukaldariena ("ajoliyue" ozpina, gatza eta baratxuria irabiaturik lortzen den saltsa), artzain eta abeltzainena ("firri", "altxerriye" ardiaren ongarria, "azpiontza" ongarri legamiatua) eta beste ogibiderena.Halere, nire mesanotxean liburu bat baino gehiago izan ohi dut. Izan ere, azken aldi honetan Alphonse Daudet idazle frantziarraren Tartarin Tarascongoa izeneko eleberria irakurtzen ari naiz. Bertan, On Kixote berri bat balitz bezala, errealitatearen gordintasuna gainditu duen gizon ameslari baten abenturak kontatzen dira. Egilea (eta harekin batera bere eleberriaren protagonista) Flaubert, Goncourt, Guy de Maupassant edo Emile Zolaren beraren naturalismotik haratago doa, literatur mugimendu honi darion ikuspegi tragikoa, umorez gainditu nahi baitu edo, gutxienez, saiatu, beti garaile ateratzea lortzen ez badu ere. Giro umoretsu berean, nik kontatuko dizuet Daudetek berak kontatzera ausartu ez zena.Tartarin ez da etxean gelditzen, Marseillara doa, Afrikara, Aljeria aldera, edo behar den lekura ongiaren alde egiteko, jasan ditzakeen zigor larrien beldur izan gabe.Liburuaren pasarte batean Okzitaniako Tolosara hurbiltzen da "Aingeruguardiyekoeguna"-ren kariaz auzate bat antolatu baitu hango udalak eta ardoa, gazta eta axuria banatu behar omen ditu jendearen artean. Hamaiketako ederra egiteko gogoz doa gure Tartarin, baina, a zer desengainua! Hara hurbildu eta haundi-maundiak besterik ez daude bilkura hartan eta ez diote ezta sartzen ere uzten. Berak ez du horregatik amore ematen: dotore-dotore jantzi eta, orain bai, lortzen du sartzea jaiaren erdian.Halako batean, mahaietan zeuden aie, aparra, artopila, ajoliyue eta besteak hartu eta haizatu egiten ditu baxalo guztien traje berriak zikinduz eta markesa itxura duen emakume baten musua aparrez betetzen. Hango gizon prestuak blastakoak ematen hasten zaizkio Tartarin arinari, baina honek ez du, halere, bere aitoren seme itxura galtzen eta jipoia estoikoki jasotzen duen bitartean hitz zuhur hauek esaten ditu ozen eta gora:"Gure abereen ekoizpen gozoenak eman dizkizuet gaur zuei; zuek, ordea, egunero ematen dizkiguzue guri firri, altxerriye eta azpiontza."Juankar Lopez-Mugartza