Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estrasburgok 197/2006 doktrinari buruzko epaia betearaziz eta fiskaltzaren aldeko iritziarekin Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, astearte arratsaldean aske gelditu ziren artean Jesus Mari Mendinueta Flores eta Bautista Barandalla Iriarte. Biek ere gaixotasun larri eta sendaezina dute. Arbizuarra 1991n espetxeratu zuten eta 2011ko maiatzaren 4rako zuen irteera data. Doktrina aplikatuta espetxetik 2021ean aterako litzateke. Etxarriarra 1990ean espetxeratu zuten eta 2009ko garagarrilaren 30erako zuen irteera data. Doktrina ezarri eta 2020ra arte luzatu zioten zigorra. Bere gaixotasuna dela eta 2009ko garagarrilaren 16an kaleratu zuten eta ordutik, kontrol neurriekin, etxean egon da. Estrasburgon dagoen Europako Giza Eskubideen auzitegiak Espainiaren helegitea lastailaren 21ean bota zuen atzera. 37 egun geroago daude aske bi sakandarrak. 197/2006 doktrina ezarri zieten 60 euskal presori eta gehienak dagoeneko aske daude. Unai Parot Navarro da espetxean segitzen duenetako bat. 1990ean espetxeratu zuten eta doktrina irteera data zehaztu aurretik ezarri zioten. 197/2006 doktrina ezarri zioten aurreneko presoa izan zen Parot eta bere abizenarekin ere ezagutarazi zuten.